562 ikastaro eskainiko ditu Donostia Kulturak datorren ikasturtean
Donostia Kulturak 2024-2025 ikasturteko ikastaro eskaintza anitzaren berri eman du gaur goizean. Kultur etxeetan eta Liburutegi Nagusian 562 ikastaro eskainiko dituzte orotara; gehienak, helduentzat (534), eta eskaintzaren ia erdia euskaraz. Arduradunek azaldu dutenez, herritarrak kultura eta askotariko arte diziplinetara hurbiltzeko apustu irmoa du udalaren kultura sailak, eta aurreko urteetako parte hartze datu onak ikusita, eskaintza ugaritzeko pausoak ematen dabil.
Urteroko moduan, musika, dantza, eta kultur arloko jarduera ohikoenak eskaintzeaz gain, izango dituzte tailer bereziak aurtengo eskaintzan ere: bizikletak konpontzeko ikastaroa, antsietatea kudeatzeko ikastaroa, irrati ikastaroa, lapiko sukaldaritza lantzeko ikastaroa, baratze ekologikoaren tailerra, ardo dastaketa ikastaroa eta globoflexia tailerrak eskainik dituzte, besteak beste.
Donostia Kulturako antolatzaileek adierazi dutenez ikastaroek oso erantzun positiboa dute eta, horren erakusle da 2023-2024 ikasturtean iraileko kanpainan 5.218 ikaslek izena eman zutela iaz.—aurreko urtean baino 500 gehiago—. Hala, ezagutzak eta proposamenak partekatzeko espazioak sortzen jarraitu nahi dute, norbanako nahiz taldeko sormenean eragin eta donostiarren arteko harremanak sendotzeko helburuarekin.
Matrikulazioari dagokionez, bi fasetan egingo da: euskarazko ikastaroen matrikulazioa, irailaren 2an irekiko dute; 10etan, eta irailaren 12ra arte egin ahal izango da; gaztelaniazko ikastaroei dagokionez, berriz, irailaren 16tik (16:00) 29ra bitarte eman ahal izango da izena.
Belarriprest eredua, bigarrenez
Aurten ere, euskarazko zenbait ikastarotan Belarriprest eredua errepikatuko dute. Ikastaro horietan, maila baxua izan arren, ikasleak euskaraz mintzatzera gonbidatzen dituzte, “betiere elkarlaneko giroan”, zehaztu dute ohar bidez. Ikasleek eta irakasleek, halaber, konpromisoa hartuko dute euskaraz hitz egiteko eta elkarri laguntzeko.