Gaurko egunez, duela hogei urte, Oihane Errazkin Galdos preso donostiarra hilda aurkitu zuten espetxean
Gaurko egunez duela hogei urte, 2004ko uztailaren 8an, Oihane Errazkin Galdos euskal preso donostiarra bere buruaz beste eginda aurkitu zuten Frantziako iparraldeko Fleury Merogis espetxeko bere ziegan. Efemeridea Argia aldizkariak ekarri du gogora, bere efemerideen kanalean.
Parte Zaharrekoa zen Errazkin, eta 31 urte zituen bere buruaz beste egin zuenean. 2001ean atxilotu zuten Daxen (Landak), ETArekin lotuta, eta epaiketaren zain jarraitzen zuen hilda aurkitu zutenean. 1997an egin zuen ihes Donostiatik, ETAren atentatu baten ostean; hain zuzen ere, Martuteneko kartzelako psikologo Francisco Javier Gomez Elosegiren hilketarekin lotu zuten Errazkin.
Heriotza salatzeko, manifestazio jendetsua egin zuten Donostian. Mobilizazio baimendua bazen ere, Ertzaintza manifestarien aurka oldartu zen ibilbidean zehar; hala ere, manifestazioa Bulebarreraino heldu zen.