Herritarrak berotik babesteko aterpe klimatikoen sarea du Donostiak
Donostiak aterpe klimatikoko sare bat du herritarrek berotik babestu ahal izateko, batez ere tenperatura altua den egunetan. Aterpe horien helburu nagusia da beroaren erasana murriztea, eta bereziki adineko pertsonentzat pentsatuta daude.
Ekologiako zinegotzi Juantxo Marrerok adierazi duenez, “maiatzetik urrira bitartean erabiltzeko moduan jarrita daude aterpe klimatikoak. Proiekzio klimatikoen arabera, muturreko tenperaturak eta bero boladak ohikoagoak izatea ekarriko du klima aldaketak, eta gaixotasun eta heriotza tasak handitu egin daitezke horren ondorioz. Aterpe horiek arindu egiten dute beroaren erasana, batez ere adineko pertsonei”.
Kanpoko 53 aterpe eta barruko 36 aterpe dira guztira, eta udalerri guztian banatuta daude. Kanpokoak, Donostiako parkeak eta berdeguneak dira (300 hektarea), eta, zuhaitzen itzalari esker, beroa errazago eramateko modua izaten da haietan. Barruko aterpeak, berriz, liburutegiak, kultur etxeak, museoak, kiroldegiak, merkatuak eta elizak berak dira.
Marrerok adierazi duenez, “barruko babeslekuetan, tenperatura 26 gradu baino gutxiago izatea gomendatzen da, eta eroso egoteko eta atseden hartzeko baliabide batzuk izatea (eserlekuak, komunak eta iturriak, adibidez). Aterpe horiek kartel bat daukate atean jarrita, erraz ezagutu ahal izateko; eta nornahi sar daiteke, batez ere adineko pertsonak, haurrak edo arnasketa arazoak dituzten pertsonak”.
Udalak gomendatu duenez, bero boladetan, etxetik ez ateratzea da onena, berorik handieneko orduetan behintzat, eta, atera behar izanez gero, itzaletatik ibiltzea. “Ingurune urbanizatuetan bero handiarekin izaten diren baldintza termikoak baino hobeak eman nahi dituzte aterpe klimatikoek. Liburutegietan, kultur etxeetan, kiroldegietan, museoetan, elizetan, merkataritza guneetan eta horrelakoetan daude; eta, betiere haien jarduera nagusia eta araudia errespetatu behar da”, adierazi du.