Isaac Mayo fitxatu du Gipuzkoa Basketek
Gipuzkoa Basketek Isaac Mayo eskolta katalana fitxatu du, hurrengo denboraldirako. 2001ean jaiotako jokalaria da, eta Saloun jokatzetik dator; azken denboraldian, Espainiako hirugarren mailan balorazio onena jaso duen bigarren jokalaria izan da. Hain zuzen ere, batez beste, 15,5 puntu sartu ditu partidako, sei errebote hartu ditu, lau asistentzia eman ditu eta 20,5eko balorazioa eskuratu du.
Hurrengo denboraldira begira, Gipuzkoa Basketen laugarren jokalaria da Mayo, Manex Ansorregi, Aitor Zubizarreta eta Javier Nicolaurekin batera. Klubak azaldu duenez, taldea osatuko duten jokalari gehiagoren izenak iragarriko dituzte hurrengo egunotan.