Euskaltegietan euskara ikasteko diru laguntzak onartu ditu udalak
HABEren erregistroan izena emanda dauden Donostiako euskaltegi homologatuek eska ditzakete diru laguntzak, eta ikasleen matrikularen prezioa finantzatzeko erabiliko dira.
Tokiko Gobernu Batzarrak Donostiako euskaltegietan euskara ikasten duten taldeentzako diru laguntzak emateko oinarriak onartu ditu, eta 100.150 euro bideratuko ditu horretarako.
“Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren helburu nagusietako bat da euskararen erabilera indartzea, donostiarrei euskaraz bizitzeko baldintzak eskainiz, sentsibilizazioa bultzatuz eta euskara ez dakitenak euskalduntzera erakarriz”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
2020-2024ko Donostiako Euskararen Plan Orokorraren helburua da euskalduntze-alfabetatze arruntera ikasleak erakartzeko ahaleginarekin batera, lehentasunezkoa izatea gizarte esparru guztietara zuzendutako ikastaro laburragoak sustatzea.
Xede berezietako taldeentzat
Donostiako Euskararen Plan Orokorreko helburuekin bat etorrita sortzen diren xede berezietako taldeak lagunduko dira diruz (ikasleek Donostian erroldatuta egon beharko dute edo, hala badagokio, Donostiako enpresa batean lan egin edo Donostiako ikastetxe batean ikasi).
Langabeentzat 120 orduko ikastaroak eskainiko dituzte. Diru laguntza eskuratzeko, ikasleek langabezian daudela ziurtatu beharko dute, Lanbidek emandako ageria aurkeztuz. Hala bada, matrikula doan izango da.
16-18 urteko gazteentzat 60 orduko ikastaroak prestatu dituzte. Matrikula doakoa izango da, baldin eta adin tarte hori badute edo hiriko ikastetxe batean matrikulatuta badaude.
Gurasoentzat, merkatarientzat, ostalarientzat, begiraleentzat, kirol entrenatzaileentzat eta erretiratuentzat 60 orduko ikastaroak egongo dira, eta matrikularen prezioa 60 eurokoa izango da.
Azkenik, HABEk onartutako Aisa ikastaroetan 60 ordu sartuko dituzte ikasleek, eta matrikula doakoa izango da. HABEren erregistroan izena emanda dauden Donostiako euskaltegi homologatuek eska ditzakete diru laguntzak, eta ikasleen matrikularen prezioa finantzatzeko erabiliko dira.