Ezker Anitzak «bazterrak nahasteari» utz diezaiotela eskatu die EAJri eta PSE-EEri, eta hiriko turismo tasa lehenbailehen aplikatzeko
Ezker Anitzak 2015ean eskatu zion udalari gaua hirian pasatzen dutenei aplikatu beharreko tasa turistikoa martxan jartzeko. Ezkerreko alderdiak hainbat eskaera egin ditu azken urteotan, eta oraingoan, “bazterrak nahasteari” utz diezaioten eskatu die Arantza Gonzalez zinegotziak EAJri eta PSE-EEri. Eneko Goiari eskatu dio, bereziki, azaltzeko ea zergatik ez dion lehenago eskatu Eusko Jaurlaritzari tasa turistikoa aplikatu ahal izateko araudia onar dezan.
Donostiako Udalak lau milioi euro inguru bil ditzake urtero, udal datuen arabera. “Diru kopuru handia da, udalak udan ematen dituen zerbitzuen hazkundeari aurre egiten lagunduko lukeena, turista gehiago etortzen direlako, eta ez soilik donostiarrek zergekin gainkostu hori bere gain hartzen dutelako”, adierazi du Gonzalezek.
Gogorarazi du, baita ere, 2018an “Euskadin turismo zerga bat sortzeko indarrean dagoen lege esparrua” izeneko azterlana eskatu ziola Eusko Jaurlaritzak EHUri, zerga hori aplikatzeak sortzen dituen zalantza juridiko guztiak argitzeko. Era berean, jakinarazi du duela aste batzuk Bartzelonako Diputazioko Turismo Bulego Teknikoko buruak agerraldia egin zuela Turismo Batzorde Berezian, eta ziurtatu zuela tasa turistikoak ez duela turismoa gutxitzen.
“Eneko Goiari eskatzen diogu ez mugatzeko turismo tasari buruzko adierazpenak egitera, duela hamar urtetik egiten ari den moduan, eta pilak jartzeko, lehenbailehen aplikatu ahal izateko”, amaitu du Gonzalezek.