Gaur ireki dute San Martin merkatu berria

Gaur ireki ditu ateak San Martin merkatu berriak, eta jendez lepo egon da goizeko lehen orduetan. Sei hilabetetan zehar Easo kalean egon eta gero, beren betiko tokira itzuli dira postuetako jabeetako asko. Lantokia itxuraldatu dietelarik, beren betiko erritmora itzultzeko gogotsu daude.
Bezeroek ez dute San Martin merkatu berria ezagutzeko aukera galdu nahi izan, eta goizeko lehen orduetan hasi da betetzen. Aste osoko erosketak egitera, edo, besterik gabe, produktu zehatz batzuen bila gerturatu da jendea, eta bertako kalitatezko produktuak eskuratzeko aukera izan dute, ohi bezala: arrandegia, harategia, urdaitegia, fruta eta barazki denda, prestatutako platerak, okindegia eta gozotegia, lore eta gazta postuak jarri dituzte merkatuan, modu etxekoiago batean erosketak egiteko.
Eneko Goia alkatea pozik agertu da gaur irekiera berriarekin, eta Tokiko Gobernu Batzarraren ostean egin ditu adierazpenok: “Pozten naiz. Badakit bertako saltzaileek gaizki pasatu dutela, eta sei hilabete hauek gogorrak izan direla San Martin merkatuan dauden postuentzat. Ez da egoerarik onena izan, baina obretan askotan gertatzen den bezala, azkenean, hobeto egoteko halako uneak ere pasatu behar dira”.
Gaineratu du “zorionez” San Martin merkatuaren arduradunak bere hitza bete duela, eta uda honetan dagoeneko San Martin merkatua betiko lekuan dagoela. “Egindako birmoldaketa horri esker, espero dut baldintza hobeetan egotea”, adierazi du Goiak.
07:30etik 23:30era irekitzen dute merkatua egunero, igandeetan izan ezik (08:00-14:00 da igandeetako ordutegia). Gainera, pandemiaz geroztik, online zerbitzua ere eskaintzen dute, eta etxetik egin daitezke erosketak.








