«Gehiegizko lan kargak» salatu dituzte Donostiako ospitaleko garbitzaileek
Donostiako ospitaleko garbitasun zerbitzuaren esleipena duen Optima enpresak kontratua uzteko erabakia hartu du, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Kontratua 2024 urte amaierara artekoa da berez, baina ospitaleko zerbitzua lehenbailehen uzteko asmoa duenez, ez dituela akordioak betetzen salatu du sindikatuak. “Ondorioz, lan kargak gehiegizkoak dira, materiala falta da, nominak gaizki ordaintzen dituzte, eta garapen profesionala jaso gabe daude langileak”, nabarmendu dute.
Lan kargei dagokionez, ELAk gogorarazi du 2017an akordio bat lortu zela gutxieneko langile kopuruei buruz. Oraingo egoera ikusita, sindikatuak eskatu du akordio hori berritzea, “egungo beharretara egokitzeko”. “Enpresak, ordea, uko egin dio, eta aldebakarrez erabaki du bajak edo bestelako hutsuneak ez betetzea. Ondorioz, lan hori beste langileen artean banatzen da edo lana egin gabe geratzen da. Egoera horrek okerrera egingo du uztailean eta abuztuan, oporrak direla medio”, nabarmendu dute.
Bestetik, enpresak garapen profesionala ez ordaintzeko erabakia hartu du. 2024ko ekainera arteko epemuga ezartzen zuen hitzarmenak kopuru horiek ordaintzeko, eta ordainketa adosten zuen aurrekordioa sinatu zenetik urtebete igaro den arren, Optima enpresak ez duela ordainketarik egin adierazi du ELAk.
Sindikatuaren iritziz, “bereziki deigarria” da hori Donostiako Ospitalean gertatzea, iaz ELAk garapen profesionalaren errekonozimendurako deitutako grebak oihartzun handia izan baitzuen bertan.
Bestalde, nabarmendu dutenez, Osakidetzari behin baino gehiagotan jakinarazi zaio egoeraz. “Horregatik, ELAk uste du Osakidetza ere badela egoeraren erantzule, neurririk hartzen ez duen heinean”, adierazi dute.