Ibaetako zuhaiztia leheneratu eta euri-uren kalitatea hobetuko ditu udalak
Donostiako Udalak Ibaetako haltzen zuhaiztia leheneratzeko eta Ibaetako aparkalekutik hezegunera iristen diren euri-uren kalitatea hobetzeko proiektuak onartu ditu.
Eneko Goia alkateak azaldu duenez, jarduera horiek Udalaren Tokiko Ekintza Planaren barruan daude, eta bere ildo estrategikoetako bat da “biodibertsitatea eta udalerriari eskaintzen dizkion zerbitzuak babestea, kontserbatzea eta partekatzea”.
Horrela, aipatutako proiektuen bidez, Osasun eta Ingurumen Zerbitzuak helburu du, alde batetik, Ibaetako haltzadian dauden espezie ez autoktonoak kentzea, haltzadi kantauriarreko espezieen zerrendan sartzen ez direnak, eta oihanpea leheneratzea. Eta bestalde, hezeguneari dagokionez, aparkalekutik bertara iristen diren uren kalitatea hobetu nahi da, iragazketa sistema baten bidez.
Obrak egiteko aurreikusitako epea hamar astekoa da. Bi aurrekontu prestatu ditu udalak: Ibaetako haltzadia lehengoratzeko 109.500 euro baliatuko ditu, eta 28.672 euroko aurrekontua du Ibaetako aparkalekutik hezegunera iristen diren euri-uren kalitatea hobetzeko. “Proiektu horiek Next Geneneration EU funtsen diru laguntza dute”, zehaztu du Goiak.