Izarren azpian lo egitera, bizikletan
Kalapie elkarteak bizikleta irteera bat antolatu du, bibak egitera joateko; hau da, aire zabalean lo egitera joateko, behar-beharrezkoa soilik eramanda.
Larunbaterako, hilak 13, antolatu du Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak izarren azpira irteera. Aire zabalean kanpatzea da helburua, baina lo egiteko gutxieneko ekipoa erabiliz: lo zakua eta estera. Donostiatik bizikletaz irtengo dira Aldura mendirantz, eta han pasatuko dute gaua.
Adierazi dutenez, “beste bizikleta zale eta abenturazale batzuk ezagutzeko aukera paregabea” da irteera, eta, aldi berean, bizikletaz bidaiatzen esperientziarik ez duten pertsonak abiaraztekoa.
Irteera
17:00etan bilduko dira larunbatean, Tabakalera aurrean. Aldurara iristeko hamabost kilometro eskas egin beharko dituzte bidaiariek, bideak dauzkan oztopo guztiak gaindituz (bidearen maldak, kasu). Bizikleta guztiak hartxintxarreko gainazaletan ibiltzeko egokituta egotea eskatu dute elkartetik.
Igandean egingo dute itzulera, eta bi aukera eskaini dituzte bueltarako: igotako bide beretik itzultzea Donostiara, edo itzuli luzeago bat egin, eta Añarbetik Goizuetako errepidera jaitsita, Urumean bainu bat hartzea, betiere, eguraldiak laguntzen badu.
Ostegunean egingo dute zalantzak argitzeko eta aholkuak emateko bilera, 18:30ean, Kalapieren lokalean. Ez da beharrezkoa bilerara bertaratzea, baina esperientziarik ez dutenak joatea gomendatu dute, bereziki. Jardueran parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea.
Ohiko zalantzen erantzunak eta informazio gehiago, Kalapieren webgunean aurkituko dituzue. Bestelako zalantzak, 629-27 14 81 Whatsapp zenbakian erantzungo dituzte.