Kaleratzeen aurka manifestatu dira Cementos Rezolako langileak
Añorgako Cementos Rezola fabrikako langileak greba mugagabean daude pasa den ekainaren 28tik, eta euren lanpostuen aldeko manifestazioa egin dute gaur goizean, Antiguako tuneletik Bulebarrera. Halaber, atzo, hilak 8, langileen ordezkariak enpresarekin bildu ziren Antiguako NH hotelean, eta grebalariak kanpoaldean elkarretaratuta egon ziren goiz osoan.
Heidelberg Materials enpresa da egun Cementos Rezolaren jabea, eta enpresa batzordearen arabera, “deskarbonizazio prozesuaren aitzakiapean”, 56 langile kaleratu ditu, lan erregulaziorako espediente baten bidez. Hori dela eta, greba mugagabean daude langileak, %100eko jarraipenarekin, eta enpresak zenbait birkokapen eskaini dizkie, baina langileek uste dute eskaintza ez dela nahikoa.
Hain zuzen ere, “Langileoi informazioa falta zaigu eta oso argi dugu, deskarbonizazioz kamuflatu nahi dena, enpresaren produkzioaren berrantolaketa bat dela, planta honen tamaina txikitu eta langile kopurua murriztu nahi du enpresak. Produkzioa beste lantoki batzuetara lekualdatu, irabazi mailari eutsi edo irabaziak handitu nahi ditu enpresak”, adierazi zuen joan den astean Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak. “Krisi klimatiko larria bizi dugu, trantsizio ekosoziala beharrezkoa da. Industrian birmoldaketa sakon bat egin behar da eta birmoldaketa horien barruan deskarbonizazio prozesu bat eman beharko da”, gaineratu zuen.
Aurre erretiroak eta birkokapenak
Heidelberg Materials enpresak, ohar baten bidez, nabarmendu du “enpleguarekiko duen konpromisoa berretsi” egiten duela: “CO2 isurien %100a sortzen duen klinkerraren ekoizpena gelditzea aurreikusten duen Añorgako lantegiaren eraldaketa prozesuaren gizarte arloko laguntza planak hamabost pertsonarentzako aurre erretiro planaren proposamena eta beste hamabost Arrigorriagako lantegira aldatzea barne hartzen ditu. Taldeak Europan dituen lantegietan hamabost langile birkolokatzeko aukera ere proposatu du konpainiak. Zuzendaritzak berretsi duenez kanpoko birkokapenerako premium programa ezarri da, harik eta langile guztiek Gipuzkoan beren ingurune hurbilean enplegua lortzen duten arte”.
“Lantegiko 2024-2026 deskarbonizazio eta eraldaketa industrialeko plana (joan den ekainaren 18tik egindako bileretan ordezkaritza sindikalari aurkeztua) amaitu ondoren, enpresak Añorgako lantegian hamar edo hamabi lanpostu inguru sortzea espero du”, gehitu du enpresak.