Zupiriak atsekabea agertu dio Anoetan Ertzaintzaren oldarraldi batean zauritu zen andreari
Segurtasun sailburuak gutuna bidali dio Amaia Zabarteri. Eskutitza hotz hartu dutela erantzun dio familiak sailburuari, ordea.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gutuna bidali dio Amaia Zabarteri, joan den martxoan Anoeta futbol zelaiaren kanpoaldean Ertzaintzaren oldarraldi batean larri zauritu zen emakumeari. Partidaren atarian, istiluak izan ziren, eta ustez Ertzaintzak foam pilota batekin jo zuen 44 urteko emakumea. Bada, gertatutakoagatik atsekabea agertu dio sailburu izendatu berriak, eta jakinarazi ikertzen ari direla egun hartan zehazki zer gertatu zen. Zabarteren familiak, ordea, hotz hartu du gutuna.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, Zupiriak elkartasuna agertu dio Zabarteri, esanez sentitzen duela martxoaren 5eko gau hartatik jasaten ari dena. «Gogorra izan behar du kirol ikuskizun handi batez gozatzera joan eta jazo zirenen moduko gertakariak topatzea», dio gutunean. Era berean, baina, «hasieratik argitaratu diren eta gertatutakoari buruz ezer gutxi argitzen lagundu ez duten informazio nahasiak» ere deitoratu ditu sailburuak.
Albiste hau Berria-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.