Aldundiak Loiolako kuartelen eremuaren «hiri lurzoru izaera» ziurtatu du
Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako txostenaren arabera kuartelen eremuak "hiri lurzoruaren izaera" du eta, beraz, ez Urumea ibaiaren babes eremua ez da zertan 100 metrora atzeratu behar.
Kuartelen eremuko mugatze lerroak alarma guztiak piztu zituen orain aste batzuk, kolokan jarri baita Loiolako kuarteletako 1.500 etxebizitzen hirigintza proiektu handia. Espainiako Kostaldeko legeak 20 metrora ezarri zuen eremu horren mugatze lerroa salbuespen gisa 1988an, baina lursailaren izaera aldaketarekin bertan behera gelditu da salbuespen egoera hori. Hala, hogei metro beharrean, ehun metrora ezarri beharko litzateke muga berria, eta proiektuan aurreikusitako etxebizitzen hiru laurden galduko litzateke. Eremuak etorkizun garbirik ez duen arren, udalak lasaitasuna erakutsi nahi izan du, egungo 20 metrotako babes muga ezarriko dela ziurtatuta, eta berriki aldundiaren babesa jaso dute, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Loiolako kuartelen eremuko “hiri-lurzoruaren izaera” ziurtatu baitio Donostiako Udalari.
Txostenaren inguruko zehaztapenik plazaratu ez duten arren, PSEko bozeramaile Ane Oiarbidek adierazi du, espero zuten moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Plangintzako Zerbitzuak egindako dokumentuak bermatu egiten duela: “1988ko Kostaldeei buruzko Legea indarrean sartu baino askoz lehenagoko hiri lurzoruaz ari garela”. El Diario Vasco egunkarian eman du emaitzen berri, eta gaineratu du, dokumentu horrek bistan zegoena baino ez duela bermatzen.
Oiarbidek pozik agertu da “operazio hau aurreikusita zegoen bezala aurrera aterako delako” eta etxebizitza gisako hirigintza gai sentikorretan “alferrikako borroka antzurik” ez egiteko eskatu du: “Are gehiago, argi geratzen denean eremu horrek ez duela inolako arazorik aurreikusten zen bezala garatzeko”. Idazkia, bestalde, udalari helarazi zaio dagoeneko, Eneko Goiaren gobernuak Ministerioari igorriko dion dokumentazioan sar dezan.