Alokairu greba abiatu dute Groseko hainbat maizterrek, eta Saretxek manifestaziora deitu du
Azora putre funtsarekin edo Inmobiliaria Vascongadarekin negoziatzeko prest agertu da Saretxe etxebizitza sindikatua. Hilaren 25ean egingo dute manifestazioa.
Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin zuen astearte arratsaldean auzoan, Azora putre funtsaren aurka garatzen ari diren borrokaren inguruko berritasunak azaltzeko. Hain zuzen ere, azaldu zutenez, putre funtsaren auzoko hainbat maizterrek, sindikatuaren babesarekin, “alokairu greba” abiatu dute, ustezko ordainketa eza estaltzeko asegurua ordaintzeari uko eginez. Halaber, etxebizitzaren arloko espekulazioaren aurkako eta etxebizitza eskubidearen aldeko manifestaziora deitu du sindikatuak, hilaren 25erako, 12:00etan, Katalunia plazatik abiatuta.
Izan ere, Saretxek azaldu agerraldian azaldu zuenez, “azken urtean sinatutako hitzarmenetan, klausula berri bat ezarri du jabetzak: ‘Maizterrek errentaren ustezko ordainketa eza estaltzeko asegurua pagatu behar du’, zioen honek”. “Sindikatuaren lokalean topatzeak eta gure esperientziak beste batzuekin konpartitzeak, sareak josi eta gure arazo partikularrak estrategia komun baten baitan kokatzera eraman gaitu, Inmobiliaria Vascongadako maizterrak diren horien baldintzak hobetzeko, besteak beste. Hau horrela, gure lehen pausoa asegurua pagatzeari uko egitea izan da”, gaineratu zuten.
Horrela, nabarmendu zuten horren helburua dela maizterren eta sindikatuaren “exijentzia guztiak mahai gainean jarriko dituen negoziazioa martxan jartzea da, jakinda neurri hau legalitatearen limitean dagoela eta ez dagokigula guri aseguru hori ordaintzea”. “Baldintza duinak exijitzen ditugu eta horretarako negoziaketa bat eskatu nahi dugu, izan jabetzarekin (Azora), edo hauen kudeaketa eramaten ari den Inmobiliara Vascongadarekin. Auzokideak antolatuak gaude eta hemendik ez gara joango. Kapitalaren mesedetara jarduten duten instituzioen pasibotasunaren aurrean, antolakuntzaren aldeko pauso bat ematea dagokigu, etxebizitzaren desmerkantilizazioa helburu, etxeen, auzoen eta hirien gaineko kontrola berreskuratuz”, gehitu zuten.
Azora, 2020tik
Saretxek gogorarazi zuen Azora putre funtsa 2020an iritsi zela Grosera: “2020. urtean jakin izan genuen Azora putre funtsak Inmobiliaria Vascongadaren jabetza guztiak erosi egin zituela. Orduz geroztik, ehunka bizilagun gara hitzarmena berrituko ote zaigunaren ezjakintasunean murgildurik bizi garenak. Gure arazoei irtenbide bat bilatzeko asmoz, lau urte hauetan zehar, Groseko etxebizitza sindikatua den Saretxerengana hurbildu gera hainbatetan. Hitzarmenen berritze eza, mobbing inmobiliarioa, klausula ilegalak, fidantzen lapurreta… hainbat izan dira pairatu behar izan ditugun arazoak”.
Halaber, aipaturiko aseguruaren ordainketaren klausula ezartzeaz gain, Azorak eta bere jabetzak kudeatzen dituen Inmobiliaria Vascongadak beste gehiegikeria ugari egin dituztela salatu zuten: “Badira hainbat urte Inmobiliaria Vascongadak eraikinean zeuden konponketaz arduratzeaz utzi ziolarik, egoera jasanezina bilakatzen ari delarik bizilagun askorentzat. Egoera honek, zoritxarrez, hainbat bizilagunek etxea utzi behar izatea ekarri du, azken urteotan. Kontziente gera honek guztiak jabetzak berak dituen berezko interesei erantzuten diola, egungo bizilagunak kaleratu eta pisuen balioa handitzearen bitartez gure esfortzu eta izerdiaz aberasten jarraitzea helburu duena. Kapitala metatzea, hain zuzen ere”.