Autobus batek Donostia eta Baiona lotuko ditu, uda honetan
Iparbus eta Vectalia enpresek abian jarritako Euskal Hiri Busa zerbitzua erabilgarri egongo da hilaren 13tik irailaren 29ra arte.
Donostia eta Baiona lotuta egongo dira uda honetan, Euskal Hiri Busa autobus zerbitzu berriaren bidez. Iparbus eta Vectalia enpresek jarriko dute martxan proiektua, eta hilaren 13tik aurrera egongo da erabilgarri, irailaren 29ra arte, bi egunak barne.
Gaur bi enpresetako ordezkariek Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako sailburuarekin batera egin duten prentsaurrekoan esan dutenez, Euskal Hiri Busa (EHB) zerbitzuak zortzi lotura eskainiko ditu egunean, Donostia eta Donibane Lohizune, Miarritze eta Baiona elkartuko dituztenak. Gainera, ibilbide horren intereseko gune nagusiak ere lotuko ditu, hala nola, Ipar Euskal Herriko hondartzak eta hiriguneak, Biarritzeko aireportua eta Baionako Ikea merkataritza parkea.
Zerbitzu berria bi orduero irtengo da Donostiatik, 07:00ak eta 21:00ak bitarte. Aldi berean, 08:40ean irtengo da Baionatik lehen zerbitzua, 22:40ak arte. Horretaz gain, irteera osagarri bat egingo du autobusak larunbatetan, 23:00etan, Donostiatik.
Bidaien kostua
Zerbitzuaren kostuari dagokionez, tarifek eguneko joan-etorriko ibilbideetarako hobariak izango dituzte, Donibane Lohizunerako konexioak kosta dituen 12 eurotik Baionarako 23 eurorainoko prezioekin. Txartelak autobusean bertan erosi ahal izango dira eta aldez aurretik erreserbatu, Euskal Hiri Busaren webgunearen bidez.
Zerbitzuaren bultzatzaileek azaldu dutenez, turista gehien biltzen diren egunei “garraio publikoaren estaldura” eman nahi zaie. Hala, Paco Ruiz Iparbuseko gerenteak azaldu duenez, “arrazoi komertzial, kultural eta turistikoak daude zerbitzu berri hau martxan jartzeko, batez ere udan”. Bestalde, Antonio Arias Vectalia taldeko presidenteak esan du autobus linea berri hori martxan jarrita, “Donostia-Baiona ardatzean dagoen garraio eskaerari erantzutea” espero dela.
Dominguezek ospatu egin du zerbitzu hori martxan jartzea, “Gipuzkoa eta Iparraldearen artean gertatzen diren joan-etorri turistikoek ingurumenean duten eragina murriztuko baitute, eta, bestetik, ibilgailu pribaturik ez dutenei uda honetan joan-etorriak egiten lagunduko baitiete”.