Bera Berak urrian hasiko du Europako Ligako ibilbidea
Europako Eskubaloi Federazioak (EHF) atzo eguerdian argitaratu zuen Europako Ligako 2024-2025 denboraldiko taldeen banaketa.
35 taldek osatzen dute eta Bera Bera QR2 kanporaketan kokatu du. Beraz, talde donostiarrak urriaren 5 edo 6an hasiko du bere ibilbidea, eta urriaren 12 edo 13an izango da itzulikoa. Zozketa Vienako egoitzan egingo dute, uztailaren 16an, eta QR3 kanporaketa ere zozkatuko dute.
Iazko irizpide bera jarraitu du federazioak, eta Europako Ligako lehen postua liga erregularreko txapeldunari emango dio; kasu, azaroan lehian sartuko den Elx taldeari. Bera Berak lehen kanporaketa gainditzen badu, ez da Elxekin gurutzatuko, koadroaren alde berean egongo baitira bi taldeak.
Egindako banaketari erreparatuta, Bera Berak txapeldun hauek izan ditzake aurkari: Txekiako Banik Bost, Turkiako Armada Praxis Yalikavaspor, Austriako Hypo Niederösterreich, Eslovakiako DAC Dunajska Streda, Herbehereetako Cabooter Fortes Venlo, Ipar Mazedoniako HC Gjorche Petrov-WHC Skopje eta Portugaleko Benfica. Serbiako ZRK Crvena Zvezda eta Norvegiako Fredrikstad Bkl taldeek osatzen dute taula.
Banaketa horri esker, talde indartsuak saihesten ditu Bera Berak, hala nola Alemaniako HSG Blomberg-Lippe, Errumaniako Rm Valcea, Frantziako Dijon eta Hungariako Vac.
QR3 kanporaketa ere zozkatuko du EHFk, uztailaren 16an, 11:00etatik aurrera, Vienako egoitzan. Hala, Bera Berak laster ezagutuko ditu multzoen fasera sartzeko gainditu beharreko Europako bi aurkariak. Azaroaren 9an edo 10ean eta 16an edo 17an jokatuko dira QR3ko kanporaketako partidak.