Donostian 300 pertsona baino gehiago «muturreko bazterkeria egoeran» bizi direla salatu dute
Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center dagoen hirian, pertsona hauek kalean bizirauten dute, edo, zorterik badute, argirik eta urik gabeko etxeetan bizi dira, askotan higienerako aukerarik gabe, eta osasun fisiko, psikologiko eta emozionala lortzeko zailtasun handiarekin”, adierazi dute gaur, Plaza Berrian egin duten prentsaurrekoan.
Duela hiru urte baino gehiagotik, ordea, KASeko boluntarioek 200 afari bero baino gehiago banatzen dituzte urteko egun guztietan, hiriko hiru puntutan. Nabarmendu dutenez, lan hori “herritar anonimoen ahalegin, diru eta elkartasunari esker” egiten dute. Ordea, oztopoak ere izaten dituzte, “behin baino gehiagotan” zeregin horretan daudelarik poliziak bideo kameraz grabatu baititu.
Euren lanarekin kalean bizi direnei laguntzen saiatzen badira ere, maiz, afari hauek ez direla guztientzat iristen adierazi dute: “Oso kezkatuta gaude hiru puntutara datozen pertsonen kopuruak gora egin duelako eta tristuraz ikusten dugu guk emandakoa askotan beraien eguneko otordu bakarra izatea, ez baitago gosaltzeko edo bazkaltzeko ia zerbitzu publikorik, eta udalekoak ez diren baliabideek, haien jarduera eten edo behin behinean itxita daudelako”. Hori dela eta, Eneko Goia alkateari baliabide gehiago jartzeko eskatu diote: “Donostian pintxoak jatera joatea ez ezik, afari soil batekin bizirik irautea ere asko kostatzen da”.
Baliabide “urriak” Donostian
KASen eta Hiritarron Harrera Sarearen ustez, udalak egoera honetan dauden pertsonei eskaintzen dizkien baliabideak “urriak” dira. Alde batetik, Donostiako Udalak dituen elikadura prestazioen kapituluaren barruan Otorduak dago- (pertsonek hiriko tabernetan jan ahal izateko kupoia). “65 plazako edukiera du, eta 200 lagunetik gorako itxaron zerrenda. Argi eta garbi zerbitzu hau esklusiboa da eta ez da nahikoa”, nabarmendu dute.
Bestalde, gutxieneko higienea izateko, pertsona batzuek tiket bat lortzen dute astean behin dutxatu ahal izateko eta hilean behin garbigailu bat jarri ahal izateko. “Baina eskaera hain handia denez, aste erdirako guztiak amaitu egiten dira”, azaldu dute.
Horrez gain, udal aterpetxeak hiru hilean behin bost gau eskaintzen ditu, baina, beti beteta egoten direla azaldu dute, eta askotan kanpoaldean lo egin behar izaten dutela gau guztian zehar, goizean leku bat lortu ahal izateko.
Azkenik, larrialdietarako udal zerbitzua (SMUS) (besteak beste errolda lortzeko jarraipena egin behar duena) “erabat gainezka” dagoela salatu dute, eta jende asko egoten dela kanpoan zain. “Zaila da hitzordua lortzea, eta lortzen denean 15 minutuz bakarrik artatzen zaituzte”, adierazi dute.
Udalak hartu beharreko ardura
Aipaturiko elkarteen ustez, Donostiako Udalak ingurura begiratu beharko luke, eta ikusi, adibidez, Gasteizko Udalak milioi bat euroko inbertsioaz Bidelan jantoki zerbitzua inauguratu berri duela, 60 plazarekin bi txandatan. Hau da, 120 bazkari eta 120 afarirekin, eta berrikuntza gisa gehitu ditu eramateko gosariak. Gune horretan bertan gizarteratzeko eta laneratzeko ikastaroak ere eskainiko dituzte, profesionaltasun ziurtagiri gisa egiaztatzeko araudia betetzen dutenak.
“Donostiako Udalaren iritziz, ordea, ezarritako gizarte eta harrera politikak nahikoak baino gehiago dira; izan ere, irabazi ekonomikoak lortzen diren arloa ez denez, ezin da eskatu gastua handitzea. Gizarte Zerbitzuen zorrak udalek herritarrei eskaintzen dizkieten gutxieneko zerbitzu eta prestazio batzuk ezartzen ditu, eta zerbitzu eta prestazio horiek hobetu egin daitezke beren eskumenen barruan. Oinarrizko gizarte zerbitzuetako gastua handitzeak ongizate kolektiboa handitzea eta gizarte bazterkerian dauden pertsonak gizarteratzea eta integratzea dakar”, nabarmendu dute.
Era berean, poliziaren presentzia handia ere izan dute mintzagai: “Ohikoa da hiriko edozein espaloitatik lauzpabost udaltzain edo Ertzaintza ikustea, gutxienez bi ibilgailu dituztelarik, esku hartzerik sinpleena egiten, ohiko identifikazioa prebentiboa… Prebentziozko esku hartze arrazista horiei, azkenaldian, indarkeriazko etxegabetzeak, abusu fisiko eta emozionalak, etengabeko miaketak, intimitatearen urraketa, ondasun baliotsuak desjabetzea, agintearen aurkako atentatuen salaketa susmagarriak… gehitu behar zaizkie”.
Kide baten aurkako salaketa
Adibide gisa, duela bi hilabete inguru Kaleko Afari Solidarioak ekimenean laguntzen duen boluntarioetako bat salatu zuen udaltzain baten kasua jarri dute. “Udaltzainak fisikoki gure kidea erasotu eta gero, lotan zegoen tokitik indarrez atera eta udaltzainaren aurkako atentatu batengatik akusatu dute. Pertsona honek, beste askok bezala, ahal duen guztia egiten du bizitza duina eraman eta etorkizunean aukerak lortu ahal izateko, eta udal honen erantzuna kriminalizazioa eta egoera hobetzeko bide guztiak oztopatzea da”, salatu dute. Horregatik, udalari eskatu diote salaketa hau “lehenbailehen” kentzeko.
Azkenik, Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote babesik ez duten pertsonentzako baliabideetan diru gehiago inbertitzeko, “gizarte osoarentzako inbertsioa baitira”.