Illunbeko anezka autobus zerbitzua jarriko dute martxan larunbatean
Iaz egin zuten moduan, uda honetan ere Illunbeko doako aparkalekua Donostiako erdigunearekin lotuko duen anezka-autobus zerbitzua ezarriko dute. Larunbatean egingo ditu lehen joan-etorriak 12 metroko autobus elektrikoak, eta 20 minuturo eskainiko du zerbitzua. Bi geldialdi izango ditu: bata, Illunben, goizeko hamaiketatik 22:20etara, eta, bestea, Amarako Mendeurrenaren plazan, 11:10etik 22:30era.
Ohar batean, Olatz Yarza Gipuzkoako hiriburuko Mugikortasun eta Garraio Iraunkorreko zinegotziak nabarmendu duenez, anezka-zerbitzu horrek “Illunbeko doako aparkalekuaren eta Donostiako erdigunearen arteko joan-etorriak errazten ditu, garraio publikoa sustatzeko eta hiriko trafikoa murrizteko”. Gogorarazi duenez, zerbitzu horri eskera azken urteotan Illunbeko aparkalekuaren erabilera indartu dute, eta “tresna garrantzitsua” bilakatu da, urte sasoi honetan hirian biltzen den trafikoa murrizteko.
Mugikortasun zinegotziak gaineratu duenez, berrikuntza gisa, aurten “udako kanpainan Donostiara autoz hurbiltzen diren pertsona guztien artean erabilera sustatzen jarraitzeko, Udaleko Mugikortasun Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak akordio bat lortu dute, Donostiara sartzeko errepide nagusietan jarritako argi-panelen bidez, zerbitzu horren berri emateko eta ibilgailu pribatuak aparkaleku horretara gidatzeko”.
Eneko Goia alkateak atzoko prentsaurrekoan iragarri zuen moduan, hirira iritsitakoan, Park and Ride horren berri emango da termometro digitalen pantailen eta seinale bertikalen bidez.Hala Dbusi lotuta dauden hiriko beste bi disuasio aparkalekuekin (Ibaeta eta Unibertsitateak) informazioa eskainiko dute.
Aurreko urteetan ez bezala, zerbitzu horri hiriko gainerako linea erregularretan ohikoak diren tarifak aplikatuko zaizkiola gogorarazi du, eta Dbusen onartutako edozein titulurekin ordaindu ahal izango direla. Txartel hori ez duten bisitariek, Dbusen gailu mugikorretarako aplikazio ofizialaren bidez, erosi ahal izango dute QR kodea duen txartel berria.