Maria Valle txuri-urdina izango da
Akordio batera iritsi dira Reala eta Real Madril, eta, hortaz, Maria Vallek elastiko txuri-urdina jantziko du, 2024-2025eko denboraldiaren amaierara arte. Los Palacios eta Villafrancakoa (Sevilla, Espainia) da bera, eta 19 urte ditu. Erdiko atzelariaren postuan jokatzen du, eta Realak adierazi duenez, “baloi irteera oso ona du, defentsan sendoa da eta aireko joko ona du”.
Badaramatza urte batzuk Espainiako futbolaren maila gorenean lehiatzen; izan ere, Real Betiseko beheko mailetan hasi zuen bere ibilbidea, 2019-2020ko denboraldian. Bertan, bost denboraldi eman zituen, eta lehen taldean jokatu zuen. Gainera, Espainiako selekzioan ere aritu da, beheko mailatan, eta 19 urte azpiko Europako txapelduna izan zen duela bi urte. Aurtengo urtarriletik da Real Madrileko jokalaria, eta Anoeta zapalduko du orain, bertako taldearekin, defentsaren erdialdea indartzeko.
Poliklinika Gipuzkoan egin diote azterketa medikoa, eta kontratua sinatu ondoren, egi bihurtu da aipatutako guztia. Irribarretsu agertu da Valle: “Oso pozik nago aukera handiko klub handi batera iristeagatik”. Realak ongietorri beroa eman dio Sevillakoari.