PPk pantaila erraldoi bat jarri nahi du Donostian, Espainiako selekzioak jokatuko duen finala ikusteko
Gizonezkoen Espainiako futbol selekzioa Eurokopa jokatzen ari da eta txapelketako finalerako sailkatu zen asteartean, Frantziako selekzioari irabazita. Finala igandean jokatuko du Espainiako selekzioak, Ingalaterraren edo Herbehereetako selekzioaren aurka (gaur jokatuko da finalerdi hori, 21:00etan), eta, partida ikusteko, Donostiako PPk hirian pantaila erraldoi bat jarri nahi du.
Hala eskatu dio PPren udal taldeko bozeramaile Borja Corominasek gutun baten bidez Eneko Goia alkateari, alderdiak ohar batean jakinarazi duenez: “Donostia Espainiako futbol selekzioaren garaipenak ospatzen ari da egunotan, nola ez! Donostiarrek gol bakoitza ospatzen dute, tabernetan edo etxeetan elkartzen dira partidak ikusteko eta selekzioaren kamisetak ikusten dira partida egunetan. Zergatik ez jarri pantaila erraldoi bat partida elkarrekin ikusteko, kalean, beste hiri batzuetan egingo duten moduan?”.
Zehazki, pantaila “hiriko erdiguneko punturen batean” jartzeko eskatu du Corominasek, baina popularrek oharrean diotenez, momentuz, ez dute alkatearen edo udal gobernuaren erantzunik jaso. Corominasentzat, “Espainiako futbol selekzioaren garaipen bakoitza albiste bikaina da, eta oso ondo legoke denok batera ospatu ahal izatea igande honetan. Baita elkar kontsolatu ahal izatea, emaitza ez bada onuragarria!”.