Etorkizuneko topo geltokiaren hiru laurdenak zulatu dituzte jada
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez, irailaren lehen hamabostaldian amaituko ditu Topoaren Erdialdea-Kontxa geltokia egiteko lanak. Orduan hasiko dira, ordea, iragazgaizte lanak eta hormigoizko estaldurak egiten. Gaur eman duten prentsaurrekoan adierazi dutenez, Bentaberriko geltokia amaituta dago, eta hil honetan bukatuko dute Easokoaren obra zibila.
Gaur bildu dira Eneko Goia alkatea eta Susana Garcia Chueca, Mugikortasun Jasangarriko Sail berriko kontseilaria, topoaren trenbide saihesbidearen obren garapenari buruz hitz egiteko. Hala, lehen bisita publikoa egin dute azpiegituraren bihotzera, Kontxako hondartza azpitik berrogei metrora, eta Erdialdea-Kontxako haitzuloan eman dute prentsaurrekoa. Bertan, ETSk egindako aurrerapenak ikusteko aukera izan dute, Pedro Marco Azpiegitura eta Garraio sailburuordearekin eta udaleko eta ETSko ordezkariarekin. Hondartzatik gertuen egongo den geltokia izango da Erdialdea-Kontxa, eta bidaiari gehien hartuko dituena, aurreikuspenen arabera.
Hiri hobe bat
Hiria “eraldaketa prozesu batean” dagoela esan du Eneko Goia alkateak; izan ere, “eraginkorragoa, erosoagoa eta jasangarriagoa” den mugikortasun batera iristen lagunduko du proiektuak. Garciak adierazi duenez, lurralde osoak gaur egun bizi duen obrarik “sinboliko eta estrategikoena” da Topoarena, “ezinbesteko azpiegitura bat”, eta Goiak hori nabarmendu nahi izan du haitzuloan bertan: “Ez da, soilik, Donostiari eskainiko zaion zerbitzu bat, lurraldeari osoari eskainiko zaio, eta horrek metropolitanoagoak egiten gaitu”. Horren guztiaren harira, Garciak bere esker ona azaldu du: “Eskerrak eman nahi dizkiot ETSko taldeari, eta baita hiriko biztanle guztiei, obrek dakartzaten deserosotasun guztiak jasateagatik”. Halaber, proiektua martxan jartzen denean, eragindako txar guztiak konpentsatuko dituela esan du, irmoki.
Kanpoko obrei dagokionez, hondeatzea aurreikusita zeuden sei putzuetatik lau hondeatu dituzte honezkero, raise-boring metodoarekin (barrualdetik kanpoaldera egiten den hondeaketa bertikal bat). Horrez gain, Zaragoza plazan aurreikusten dituzten larrialdiko aireztapeneko bi putzuetatik bat hondeatu gabe dago oraindik, eta bestea estaltzeko lanean ari dira. San Bartolome kaleko aireztapenaren estaldura, aldiz, abuztuan amaituko dute, eta, ondorioz, dauden bi erreietako bat ibilgailuentzat irekiko dute.
Hainbat dira, ordea, hilabete bukaerarako amaituko dituzten lanak; Easo kaletik Erdialdea-Kontxa geltokira doan igogailuaren edikulua jarriko da, eta, hortaz, kale hori eta San Bartolome urbanizatzeko obrak ere hilabete honetan bertan aterako dira lizitaziora. Xabier Zubiri geltokiaren hormigoizko estaldura ere bukatuko dute, eta laster hasiko dira Loiolako kanoiarekin (urte amaieran bukatuko dute). Gainera, laster abiatuko dituzte, baita ere, San Bartolome sarbidearen zoladura hormigoiztatzeko lanak.
Proiektuaren garrantzia
Garciak proiektuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, lehen bisita publiko horretan; esan duenez, “urte batzuk barru inork ez du Donostia Toporik gabe imajinatuko”. Gainera, topoak hiriari mugikortasun “irisgarri, moderno eta unibertsala” emango diola gehitu du, eskainiko dituen zerbitzu kantitate handiago eta hobeengatik. Hala, hori guztia lur azpian gertatuko denez, hiriko biztanleen bizi kalitatea hobetuko dela esan du, hirian zehar egingo dituzten etxebizitza eta aisialdirako espazio berriengatik.
Orain arte, 167 milioi euro inbertitu dira obran eta, jakitera eman dutenez, etorkizuneko geltokiaren hiru laurdenak zulatuta daude jada; irailean bukatuko dituzte lan horiek, iragazgaizte lanak eta hormigoizko estaldurak egiteko.