Ezker Anitzak Hirigintza zinegotziaren presazko agerraldia eskatu du, ostatu lizentzien aldi baterako etetea baliogabetzen duen epaia dela eta
Ezker Anitzako Arantza Gonzalez zinegotziak Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziaren presazko agerraldia eskatu du, argitzeko zer ondorio izango dituen ostatu establezimenduen erabilerak arautzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra espedientea aldatzeak.
Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiaren epaiak ekarriko ditu aldaketak. Epai horren bidez, Osoko Bilkuraren 2023ko martxoaren 30eko akordioa baliogabetu zen, ostatu erabileretarako lizentziak aldi baterako eteten zituena. Uztailaren 5eko epaiak adierazten duenez, akordio hau ez dator bat zuzenbidearekin, ez baitira bost urte igaro 2021eko martxoan izandako aurreko etenaldia amaitu zenetik.
“Epai horrek ondorio garrantzitsuak izan ditzake ostatu erabilerak arautzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko espedientean, eta espediente hori izapidetzen ari da; izan ere, litekeena da espedientearen hasierako onarpenari lotutako beste urte bateko etete berria ere, martxoaren 21ekoa, ondoriorik gabe geratzea. Horrela, ostatu establezimendu gehiago irekitzeko lizentziak eskatzen jarrai liteke HAPOren aldaketa behin betiko onartu arte”, adierazi du Arantza Gonzalezek.
Hori dela eta, Gonzalezen ustez, premiazkoa da Arzallusek Lurralde Plangintza eta Garapenerako Batzordean hitz egitea “eta epaiaren ondorioak eta horren inguruan hartuko dituen neurriak zehatz-mehatz azaltzea”.