Realak denboraldiaurrea abiatu du
Lagunarteko hainbat partida ditu aurreikusita Realak hurrengo asteotarako, eta ligako lehenengo partiden ordutegiak iragarri dituzte.
Realeko gizonezkoen taldeak abiatu du dagoeneko 2024-2025eko denboraldira begirako denboraldiaurrea, nahiz eta Imanol Alguacil entrenatzaileak oraindik ez dituen eskuragarri jokalari guztiak.
Gipuzkoako Poliklinikan mediku azterketak egin ostean, gaur, hilak 11, eduki dute lehenengo entrenamendua eta 26 jokalarik hartu dute parte, tartean lagapenetatik itzuli diren zein harrobiko zenbait jokalari gaztek. Lehenengo taldetik, jokalari hauek egon dira: Carlos Fernandez, Brais Mendez, Aritz Elustondo, Martin Merquelanz, Alvaro Odriozola, Alex Sola, Unai Marrero, Urko Gonzalez de Zarate, Robert Navarro, Jon Ander Olasagasti, Ander Barrenetxea, Igor Zubeldia, Hamari Traore eta Sadiq Umar.
Take Kubo, Sheraldo Becker eta Arsen Zakharyan astelehenean itzuliko dira; hain zuzen ere, Traorek ere astelehenean itzultzeko baimena zuen, baina lehenago itzultzea erabaki du. Aldiz, Espainiako selekzioarekin Eurokopa jokatzen ari diren Mikel Oiartzabal, Mikel Merino, Martin Zubimendi eta Robin Le Normand abuztuan dira itzultzekoak, baita Venezuelarekin Amerikako Kopa jokatzen ari den Jon Aramburu eta Espainiarekin Olinpiar Jokoak jokatuko dituzten Jon Pacheco eta Beñat Turrientes ere.
Lagunartekoak eta ligaren hasiera
Realak bihar eta etzi ere Zubietan entrenatzea aurreikusten du, eta lagunarteko partidekin hasiko da laster: Alavesen aurka jokatuko du hilaren 20an Arabako Guardia herrian (18:00), Gamba Osakaren aurka hilaren 25ean Japonian (12:00), Osasunaren aurka hilaren 31n Zubietan (ordua zehaztu gabe dago), Stade Rennaisen aurka abuztuaren 3an talde frantsesaren etxean (19:00) eta Union Berlinen talde alemanaren etxean abuztuaren 9an (19:00).
Abuztuaren 18an hasiko dute liga txuri-urdinek, Rayo Vallecanoren aurka, Anoetan (19:00). Bestalde, lehenengo lau jardunaldien ordutegiak iragarri berri ditu Espainiako Ligak, eta Rayo Vallecanoren aurkakoaz gain, honakoak dira txuri-urdinen lehenengo partiden ordutegiak: Espanyolen etxean jokatuko du abuztuaren 24an 21:30ean, 28an Anoetan Alavesen aurka (21:30) eta irailaren 1ean Getaferen etxean, 19:00etan.