Udal taldeek «esku hartze berezia» egingo dute La Salle ikastetxeko biktimak laguntzeko
La Salle ikastetxeko sexu erasoak arbuiatzen dituen idatziarekin bat egin dute udal talde guztiek eta kasu gehiago egon daitezkeela jakinda, baliabide guztiak eskaini dituzte.
Donostiako Udalak aho batez gaitzetsi ditu La Salle ikastetxeko eraso matxistak eta bere laguntza nahiz begikotasun osoa adierazi die erasoa pairatu duten emakumeei eta beren ingurukoei. Hala, EH Bilduk proposatutako idatzira atxiki dira udal talde guztiak, eta “esku hartze berezia” egingo duela nabarmendu dute: arbuio publikoarekin batera, erasoa jasan duten pertsonei babesa eskainiko diote, salaketa berrientzako atea irekiko dute, biktima gehiago egon daitezkeelakoan baitaude. Era berean, iragarri dutenez, La Salle ikastetxearekin jarriko dira harremanetan, erasoak jasan dituzten pertsonen osatzean elkarrekin lan egiteko, eta elkarlanean aritzeko balizko salaketa gehiago baleude.
El País egunkariaren ikerketa handi batean atera ziren Loiolako ikastetxeko lehen kasuak. Marisol Zamora izan zen bere kasua publikoki azaleratu zuen lehena, eta, geroztik, biktimen kopuruak gora egin du. Azken asteotan, La Salle ikastetxean ikasle izan direnen hemezortzi sexu eraso berri azaleratu dira. Horiek guztiak Patxi Ezkiaga irakasleak egindakoak, 1974 eta 1996 urte bitartean. Biktimek diotenez, zortzi eta hamazazpi urte bitarteko haur eta nerabeek jasan zituzten abusuak, irakasleak eskolan bertan zuen logelan edo Isaban antolatzen zituen udalekuetan.
Kasuaren “dimentsioa nolanahikoa ez dela” kontuan hartuta, udaletik ziurtatu dute “informazio eta baliabide guztiak” jarriko dituztela biktimen eta euren senideen esku, eta lagundu egingo dutela “bere onera etortzeko prozesuan” behar izan dezaketen guztian.
Indarkeria matxistari aurre eginaz
Juan Karlos Izagorrek sinatu eta gainerakoek babestu duten testuan, halaber, emakumeen giza eskubideak benetan baliatzen direla bermatzeaz arduratuko dela nabarmendu dute. Bide horretan, neurriak sustatzen jarraituko dut udalak , edozein eraso matxistaren aurrean “berehala eta irmo”erantzun dezaten, biktimari lehentasunezko arreta eskaintzen, eta indarkeriari aurre egiteko tresnen prebentzio-neurriekin ere: “Era berean, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak bermatzeko lanean jarraituko du Udalak, bere eskumenak erabilita”.