25 urte bete ditu Kursaalak
25. urteurrena ospatzen ari da Kursaala aurten. 1999an inauguratu zenetik, ekitaldi ugariren lekuko izan da Kursaala, baita Espainiako eta nazioarteko kongresu eta topaketa kulturalen gune nagusietako bat ere. Hamar milioi pertsona baino gehiagoren bisita jaso du, 6.700 ekitalditan eta %78ko edukiera mailarekin. 25 urtetako datuak banakatuta, 3.686 bilera egin dira (kongresuak, biltzarrak, jardunaldiak, azokak, eta abar), eta 3.014 ikuskizun izan dira bertan, guztira.
Gogoa eta bikaintasuna
Etengabe hobetzeko estrategiarekin, Kursaalak urtero ebaluatzen du ekitaldien antolatzaileen gogobetetzea, eta urte hauetako balorazioari erreparatuz, 10etik 8,86ko puntuazioa eman diote bere instalazioei eta langileei. Bestalde, bi urtez behin, Gipuzkoako herritarren iritzia jasotzen dute galdeketa baten bidez, eta emaitzak positiboak izan dira, baita ere.
Kursaaletik adierazi dutenez, “erreferentziazko” kongresu jauregiak “konpromiso handia” du kalitatearekin eta jasangarritasunarekin. Hala, Kalitate Osoko eta Bikaintasuneko UNE EN ISO 9001:2000 ziurtagiria lortu zuen lehen auditorioa izan zen, estatuan. Marketineko bikaintasunarengatik ere saritu dute, eta hainbat sari garrantzitsu biltzen ditu; ICCAren Best Marketing Award saria (2003), esaterako.
Autofinantzaketa eta inbertsioa
Jauregiaren mende laurdenean metatutako informazio ekonomikoari dagokionez, 7,7 milioi eurotik gorako metatutako EBITDA nabarmendu dute. Lurraldean izan duen eragin ekonomikoaz gain, BPGari 1.559 milioi euroko ekarpena egin dio, garapen ekonomikoko eta eraldaketa sozialeko eragile gisa duen eginkizuna azpimarratuz.
Nabarmendu dutenez, bere 25 urteetan zehar, Kursaalak bere jarduera autofinantzatzea lortu du, “baita pandemia garaian ere”. Orain arte, 11,3 milioi euro inbertitu dituzte espazioak eta zerbitzuak hobetzeko, eta horrek jauregia modernizatzea ekarri du; izan ere, inbertsioen zati bat Kursaalaren espazio berriak sortzeko erabili dute.
2023an errekorra egin zuen fakturazioan jarduera igoeraren ondorioz, eta estatuko eta nazioarteko ekitaldien eta kongresuen antolaketan erreferente gisa zuen posizioa sendotu zuen.
Erreferentea kulturan
Auditorioan, Ganbera Aretoan eta eraikineko beste espazio batzuetan 3.014 kultura ekitaldi, kontzertu, emanaldi eta ikuskizun egin dira guztira, eta zazpi milioi pertsona baino gehiago bertaratu dira; hala, “hiriko eta lurraldeko erreferentzia” bihurtu da, kultura arloan.
Gainera, hiru jaialdi handiren egoitza da: Donostia Zinemaldiarena, Donostiako Jazzaldiarena eta Donostiako Musika Hamabostaldiarena. Horrez gain, Euskadiko Orkestraren egoitza ere izan ohi da. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko enpresarik adierazgarrienek laguntzen dute diruz.
Kursaalen arabera, “funtsezko motor ekonomiko bat izaten jarraituko du” etorkizunean: “Programazio kultural anitza eta kalitatezkoa” eskaintzen jarraituko duela nabarmendu dute.
Ospakizun programa
25 urteak ospatzeko, eraikinaren ohiko jarduera islatzen duten zenbait artista elkartuko dira, Auditorioaren agertoki ikusgarrian. Euskadiko Orkestra, Donostiako Orfeoia, Easo Abesbatza, Easo Eskolania, Neomak, Errobi, Arantza Ezenarro, Idoia Asurmendi, Joserra Senperena eta Lasala konpainia arituko dira eta, horietako asko, Juan Jose Oconen zuzendaritzapean. Ospakizun galako kontzerturako sarrerak gaur jarriko dituzte salgai, 19:30ean, Kursaalen bertan.
Doako kontzertuak ere eskainiko dituzte Kursaaleko terrazetan, Boga Boga festibalarekin bat egingo baitu jauregiak. Nize, Toc eta Tatta eta Denso artistak egongo dira bertan, besteak beste. Irailaren 14 eta 15ean izango dira kontzertu horiek. Horrez gain, doako bisita gidatuak ere eskainiko dituzte eraikin barrutik, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta uztailaren 20ean eta abuztuaren 3an, 18an eta 31n izango dira, 11:00tan. Doakoak badira ere, izena emateko eskatu dute, tickets@kursaal.eus helbidean edo 943-00 30 00 telefono zenbakian.