72 urteko donostiar bat zauritu da sanferminetako entzierroan, zezen batek harrapatuta
Iruñeko San Fermin jaietako seigarren entzierroa egin dute gaur, hilak 12, eta 72 urteko korrikalari donostiar bat zauritu da, zezen baten adarkadaz, Efe albiste agentziak zabaldutako informazioaren arabera.
Santo Domingoko aldapan harrapatu du zezenak gizona, eta ezkerreko besapean eman dio adarkada. Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute, zauri horrengatik eta buruan jasotako kolpearengatik. Ospitaleko asistentziako zuzendariorde Carlos Iberok azaldu duenez, egoera egonkorrean dago donostiarra. Hala ere, ebakuntza gelatik pasatu eta ingresatuta gelditu beharko da.
Beste bi zauritu ere eraman dituzte ospitalera, bat Oriokoa eta beste bat Madrilekoa, baina horiek ez dira adarkatuak izan, bestelako zauriengatik eraman dituzte erietxera.