Iciar Bollain, Pilar Palomero, Albert Serra eta Pedro Martin-Calero Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian ariko dira Zinemaldian
Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademian, Madrilen, iragarri dira gaur ekoizpen espainiarrekoak izanik irailaren 20tik 28ra Zinemaldiaren 72. edizioko Sail Ofizialean eta New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera eta Belodromo sailetan emango diren hamazazpi film.
Soy Nevenka filmean, alkate baten jazarpena salatzera ausartzeagatik ondorio latzak pairatu zituen zinegotzi baten benetako istorioa kontatzen du Iciar Bollainek (Madril, Espainia, 1967), eta bosgarrenez parte hartuko du zuzendariak lan horrekin Sail Ofizialean.
Sail Ofizialaren parte izango da, halaber, El llanto, Pedro Martin-Calero (Valladolid, Espainia, 1983) film laburren eta musika eta publizitate industriarako lan ugariren egileak zuzendutako lehen film luzea. Isabel Peñarekin batera idatzi zuen zuzendariak filmaren gidoia.
Pilar Palomerok (Zaragoza, Espainia, 1980) bere hirugarren film luzea aurkeztuko du, Los destellos, Eider Rodriguez idazlearen Bihotz handiegia kontakizunean inspiratua. Patricia Lopez Arnáiz, Antonio de la Torre, Marina Guerola eta Julian Lopez dira protagonista nagusiak hamarkada batetik gora bananduta eman arren senar ohi gaixoa zaintzeko lana onartzen duen emakume bati buruzko istorio honetan.
Bestalde, Albert Serrak (Banyoles, Herrialde Katalanak, 1975) lehen aldiz parte hartuko du Sail Ofizialean Tardes de soledad filmarekin; tauromakiari buruzko ez-fikziozko film honetan, toreatzaileak zezentokian bizi dituen egoera mental eta espiritualak jorratzen dira.
Bestalde, Alauda Ruiz de Azuaren Querer serieak Sail Ofizialean parte hartuko du, lehiaz kanpo. Gainera, Javier Giner eta Aitor Gabilondoren Yo, adicto eta Paula Ortizen La virgen roja Sail Ofizialeko Emanaldi Berezien parte izango dira.
Horrez gain, Anton Alvarezek New Directors sailari hasiera emango dio, eta Cecilia Atan-Valeria Pivato tandemaren, David Perez Sañudoren eta Sandra Romeroren filmak ere aukeratu dira sail horretarako.