Ilargi txaranga; Donostiatik izarretara
Herrietako jaiak alaitzeko lanean ari da Ilargi txaranga, hilabete hauetan zehar. Berriak diren arren, izan dute, dagoeneko, hiriko kaleak musikaz betetzeko aukera. Oier Mikeo eta Jon Beitia dira txarangaren zuzendari eta sortzaileak.

Hiriko hainbat txarangetatik hartu dute lur, euren bidea pixkanaka zabalduz. Zerbait «kañeroagoa» behar zuten, eta espaziora bidaia egin behar izan dute hori lortzeko. Oier Mikeo eta Jon Beitiarena izan zen Ilargi txaranga sortzeko ideia, eta, geroztik, taldekideak biltzen ibili dira. Gaur egun, hamabost musikari inguruk osatzen dute taldea.
«Kontua ez da Donostian txarangak falta direla; geneukanari erritmo pixka bat falta zitzaion, eta gure kontu bilatzea erabaki genuen», adierazi du Mikeok. «Anbizioz eta gogoz» egin dute lan hilabeteetan zehar, doinu onak ateratzeko. Ez zeukaten kalera irtetzeko presarik, ordea: «Lehenengo urtea prestatzeko hartu nahi genuen; ez genuen emanaldirik aurreikusita aurten, baina uste baino lehenago suertatu zitzaigun jotzeko aukera».
Gazteak eta «onak»
Jendea topatzea kosta zitzaiela aitortu du Beitiak; izan ere, txaranga baten mailako proiektu batek inplikazioa eskatzen du, konpromisoa, eta ez soilik zuzentzen dabiltzanena, baizik eta talde osoarena. Otsailean batu ziren denak, lehen aldiz: «Taldekideek badakite lan egin behar dela, baina ahal dugunean elkartzen gara». Igandeetan entseatzen dute, ordea, Mikeoren etxeko garajean.
15 eta 22 urte bitarteko gazteek osatzen dute Ilargi. Badakite gazteak direla, baina adinaren kontua aurreiritzi bat besterik ez dela azaldu du Beitiak. «Jendeak uste du gazteak izateagatik okerrago egingo dugula, eta ez du zertan». Gaztetan, ikasteko ahalmena eta gogoa handiagoa da, aitortu dutenez, eta, gaztea izateak giro potenteago bat eskaintzeko aukera ematen diela. «Lehenengo boloan esan ziguten oso gazteak ginela txarangan ibiltzeko», dio Mikeok. «Baina horrek tartea ematen dizu hobetzeko». Txaranga batean ibiltzeko gaitasuna gogoak eta lanak markatzen dutela esan dute. Beren kasuan handikap bat izan daitekela ere badakite, ez dutelako aditurik taldean. «Gazteak gara, baina badaukagu esperientzia!», dio Mikeok.
Berezko nortasun bat
Taldeak argi zuen euskarazko izen bat behar zuela txarangak, eta aho batez erabaki zuten Ilargi deitzea. Euskal Herriarekin, etxearekin identifikatuko zituen marka baten bila ibili ziren, talde guztia identifikatuta sentituko zen izen baten bila. «Txaranga euskaldun bat gara, eta abesti euskadunak ere gure errepertorioaren parte dira», esan du Mikeok.
Ideia edukitzea da prozesu guztiaren alderik errazena, diotenez. Ordea, lehen boloak bilatzea izan da zailena: «Entseatzen gustura zaude, baina ez baduzu entseatutakoa erakusten, frustratu egin zaitezke, ez duzulako erantzunik jasotzen», aitortu du Mikeok. Taldea animatuta dago, ordea, maiatzean izan zuten emanaldiaz geroztik. «Hain goiz jo behar izanak entseatzea eskatu zigun», Beitiak. Hilabeteetako lanak eman du fruitua, ordea, eta Egiako Porrontxoetan dute hurrengo emanaldia. Hala ere, udan zehar emanaldiren bat aterako balitzaie, «erronkari aurre egiteko prest» daude.
Berezko nortasun bat bilatzea zen euren helburua, besteak beste. Beste txaranga batzuetan inspiratzea ez dago gaizki, baina ikusten eta ikasten duten guztia bere egiten dute. «Gustatzen zaigun abestiren baten partitura aurkitzen badugu, hartuko dugu, baina ez dugu berdin joko», adierazi du Mikeok. Partiturak bilatzea, ordea, ez da lan erraza beraientzat, eta, batzuetan, beraiek egin behar dituzte, zerotik. «Donostian, txaranga asko dabiltza orain, eta ondo, eta denengandik ikasten duzu; hala ere, faktore diferentzialak bilatu behar ditugu», dio Beitiak. Helburua disfrutatzea den arren, berezko nortasun bat aurkitzeko aukera trebetasuna bilatzean dagoela esplikatu dute.
Ingurukoaren garrantzia
Jendea dantzan ikusten disfrutatzen dute, eta, boloetan dagoen tentsio apur hori, dena ondo atera nahi izatearena, ona ere baden arren, gozatzen saiatzen da taldea. Publikoaren elkar eraginean ikusten dute beraiek oso faktore garrantzitsu bat: «Publikoak abestiak eskatzen badizkizu, ondo pasatzen ari diren seinale da», esan du Mikeok. Beren lehen emanaldian, Bizkaian, gertatu zitzaien hori: «Athleticen ereserkia jotzeko eskatu ziguten… eta, kostatuta, baina jo genuen!», esan dute biek, barrez.
Ingurukoen laguntza ezinbestekoa izan da eurentzat, proiektua aurrera ateratzeko garaian. Mikeoren familiako hainbat kide musikariak dira, eta berak musika proiektu bat eduki eta egin nahi izatea erakargarria gertatu zitzaien. Beitiaren kasuan, aldiz, proiektuak dakarren inplikazioak beldurtu zituen. Hala ere, inoiz ez dute laguntza faltarik sentitu: «Beraiek izan dira gure kezka eta frustrazio guztiak jasan behar izan dituztenak», azaldu du Mikeok. «Gure ingurukoen pazientzia eta laguntzarengatik, hein handi batean, jarraitzen dugu hemen», Beitiak.
Izarretara bidean doazen honetan, badituzte, baita ere, beren ametsetako emanaldiak: Beitiak, noizbait, Aste Nagusi Piratako txupinazoan jotzen irudikatzen du bere burua, Mikeok Porrontxoetan, lagunez eta familiaz inguratuta, bere auzoko kaleak alaitzeko ilusioa duen bitartean. Mikeorena uste zutena baino lehenago emango da, aurtengo irailean. Beitiarena aurrerago, akaso. Dena dela, igande luzeak beharko dituzte horretarako entseatzeko.