Kuartelei buruzko alegazioa aurkeztu du udalak
Donostiako Udalak aurkeztu du dagoeneko Loiolako kuartelei buruzko alegazioa, Espainiako Kostaldeko zuzendaritzaren aurrean. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, alegazioan, Kostaldeko zuzendaritzari eskatu diote “bere garaian hartutako erabakiarekin bat egiteko eta mugatze lerroa hogei metroan ezartzeko”.
Zinegotziak nabarmendu duenez, “alegazioa oso sakona da, eta Hirigintzako zuzendaritzako zein aldundiko txostenak ditu”. Halaber, eskerrak eman dizkio Espainiako Defentsa Ministerioari eta Eusko Jaurlaritzako Ura agentziari, “beraiek aurkeztutako alegazioagatik”. “Espero dugu erantzun positiboa lehenbailehen edukitzea, eta kuartelen salerosketa behin betiko egitea”, gehitu du.
1988ko legea
Donostiako Udalak 1988ko Espainiako Kostaldeko legeak ezarritako salbuespen bat mantentzea du helburu. “Kuartelek salbuespen bat zuten mugatze lerroari dagokionez; lursailaren eta azpiegituren arteko muga hogei metrokoa zen”, azaldu zuen Eneko Goia alkateak ekainean, Espainiako Kostaldeko zuzendaritzak Loiolako kuartelen lursailean udalak eraiki nahi dituen etxebizitzen proiektua kolokan jarri zuenean, etxebizitzen eta ibaiaren artean ehun metroko gutxieneko mugatze lerroa ezarriz.
Ordea, Loiolako kuartelen lursailaren izaera aldatu egin da. «Azpiegitura izateari utzi dio, eta salbuespen egoera hori kendu dio eremuari Kostaldeko zuzendaritzak. Horrela ere, eremu hori urbanoa da 1962. urtetik, eta horregatik, hogei metroko tartea jartzea dagokio. Ura Agentzia, Donostiako Udala eta Defentsa Ministerioa bat gatoz, ezarri behar den mugatze lerroarekin», nabarmendu zuen Goiak.
Horrela, mugatze lerroaren afera argitu arte, udalak ez ditu kuarteletako eskriturak sinatuko. «Izapide administratiboa da, eta hau egin arte ez ditugu eskriturak sinatuko. Bi hilabeteko epea eman diogu elkarri izapidea amaitzeko, eta nik uste dut normaltasun osoz joango dela. Denbora kontua dela iruditzen zait, izapidea egiteko behar den denbora. Eta, behin hori eginda, arazorik gabe aurrera jarraitu ahalko dugu», adierazi zuen Goiak.
73,3 milioi euro
Gogoratu behar da udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak 2022ko azaroan adostu zutela kuartelen salerosketa hitzarmena, eta handik urtebetera itxi zutela akordioa, 73,3 milioi euroren truk; bost milioi ordaindu dituzte dagoeneko, 65 milioi eskriturak sinatzean ordaindu beharko dituzte eta beste hiru milioi operazioa bukatzean.
Bertan, 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak. Oraindik ez dago zehaztuta etxebizitza horietako zenbat izango diren babestuak, baina akordiorako balorazio teknikoa egin zutenean, legeak ezartzen duen minimoa hartu zuten aintzat: %60 libreak eta %40 babestuak (%20 tasatuak eta %20 babes ofizialekoak).
Kuartelek hartzen duten 17,5 hektareako eremuaz gain, Uliako sei hektareako eremu bat ere udalaren eskuetara pasatuko da, baina dena ezin da urbanizatu. Hain zuzen ere, 142.000 metro koadro bideratuko dituzte bizitegi erabilerara, eta 8.000 erabilera tertziariora, alkateak akordioa adostu zutenean esan zuenez.