Ondorengoei urruti gera ez dakien
Gipuzkoako Erregio Etxeen Federazioko kide dira Jose Maria Mellado, Miguelo Perez eta Iñigo Aranburu. Federazioaren eta erregio etxeen nondik norakoak azaldu dizkigu hirukoteak.
Jose Maria Mellado federazioaren lehendakaria da, eta haren hitzetan, erregio etxeek erlazio zuzena izan dute migrazio mugimenduekin. Errioxako eta Burgosko etxeak, esate baterako, 1913an eta 1915ean sortu ziren, hurrenez hurren. Extremadurako eta Andaluziako migrazio mugimenduak beranduago gertatu ziren, gerraostean, eta, ondorioz, erregio etxe horiek berriagoak dira.
1985. urtera arte, ordea, erregio etxeek ez zuten euren arteko erlazio zuzenik. Gobernuak, etxe bakoitzarekin banan-banan komunikatzea ekiditeko, elkarrekin federatzeko eskatu, eta hala sortu zen Gipuzkoako Erregio Etxeen Federazioa. Xose Antonio Villaboa galiziarra izendatu zuten orduan federazioaren buru.
Geroztik, hainbat erregio etxe afiliatu dira federaziora, eta gaur egun, hamahiru etxek osatzen dute. Donostian bertan, zazpi erregio etxe aurkituko ditugu: Arabakoa, Errioxakoa, Gaztela-Mantxakoa, Burgoskoa, Galiziakoa, Extremadurakoa eta Aragoikoa. Hainbat auzotan kokatuta daude: Parte Zaharrean, Grosen, Intxaurrondon eta Errotaburun, esaterako.
Jarduera eskaintza zabala
Urtean zehar hainbat jarduera antolatzen ditu federazioak, zeinetan afiliatutako erregio etxe askok parte hartzen duten. Helburua eskualdeetako kultura eta ohiturak ezagutaraztea eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea da. Ekitaldi hauek data finkoa izan ohi dute, erregio etxeek egun horietan jarduera propiorik ez egiteko, eta, hala, federazioko ahalik eta kide gehien elkartzeko.
Maiatzeko astearteetan, Okendo Kultur Etxean konferentziak egiten dituzte, non eskualde ezberdinetako pertsonek hitza hartzen duten. Irailean edo urrian, erregio etxeetako emakumeen topaketa antolatzen dute, eta 50 bat emakume elkartzen dira. Aurten, emakumeen topaketa Donostian izango da. Hilabete horietan ibilaldi kultural bat ere antolatzen dute federazioko kide guztientzat. Ibilaldi kultural hauetan estatuko eskualde bat bisitatzen dute. Azkenik, urte amaieran, Gabonetako kanten jaialdia ez ezik, lehiaketa kulturalen sari banaketa ere egiten dute. Lehiaketa kultural hauek orotarikoak izaten dira: ipuin lehiaketak, argazki lehiaketak, umeentzako marrazki lehiaketak, eta abar.
Irailean edo urrian, erregio etxeetako emakumeen topaketa antolatzen dute. Aurten, Donostian izango da
Folklore eta Gastronomia Jaialdia da, ordea, Federazioak urtero antolatzen duen jarduerarik nabarmenena. «Guk antolatutako ekintza gehienak barne kontsumora bideratuta daude. Folklore eta Gastronomia Jaialdia, aldiz, Parte Zaharreko Plaza Berrian egiten da, eta Federazioaren erakusleiho nabarmenena da» azaldu du Melladok. Jaialdi hau maiatzaren azken igandean egiten da. Ospatu berri dena, hain justu, 37.a izan da.
Federazioak urtero antolatzen dituen ekitaldiez gain, erregio etxe bakoitzak jarduera propioak antolatzen ditu. Errioxako Etxearen kasuan, Miguelo Perez presidenteak zera azaldu du: «Urtean ia hirurogei jarduera antolatzen ditugu: abesbatzak, dantza ekitaldiak, liburu aurkezpenak, antzerkiak… Gurea, elkarte kulturala izateaz gain, elkarte gastronomikoa ere bada, eta horrek aukera gehiago ematen dizkigu ekintzak antolatzeko». Arabako Etxean, aldiz, ez dute leku fisiko finkorik. Taberna alokatu egiten dute, eta, hortaz, beste era bateko ekintzak antolatzen dituzte: «Egunerokoan ez daukagu egiteko handirik, jarduera puntual horiek antolatzeaz gain: sagardotegietara irteerak, upeltegietara txangoak… Arabako Etxea izanik, Arabar Errioxara joaten gara…», dio Iñigo Aranburu presidenteak.
Beste elkarteekin elkarlanean aritzeko ohitura era badute erregio etxeek. Errioxako Etxekoek Mariaren Bihotza abesbatzarekin hitzarmena egin berri dute urtean hiru kontzertu eskaintzeko. Melladoren ustetan, garrantzitsua da beste elkarteekin elkarlanean aritzea, eta «etxeak prest daude edonorekin lankidetzan aritzeko».
Etorkizunera begirako kezka
Gaur egun federazioa hamahiru etxek osatzen duten arren, garai batean hamasei izatera ere iritsi ziren. «Sukalde edo tabernatxo bat edukitzeak asko laguntzen du. Sukalderik ez duten erregio etxeak desagertzeko zorian daude: jendea zahartu egiten da, eta ez dago erreleborik», dio Melladok. Perezek ildo beretik jo du: «Ni errioxar baten semea naiz, eta oraindik Errioxako kultura nire barnean bizi dut. Nire seme-alabei, aldiz, errioxar kultura urruti samar geratzen zaie, eta zailagoa da haien inplikazioa bermatzea».
Aranbururen aburuz, gazte jendea ez da kultur jardueretara lehen bezain beste animatzen, eta nahiago izaten dituzte bazkari edo afariak egitea. Hain zuzen, federazioak antolatutako kultur lehiaketetan podcast lehiaketa sortu berri dute, gazte jendea erakartzeko xedearekin.
Donostiako erregio etxeen kasuan, jende berria erakartzeko orduan, danborradak du eraginik nabarmenena. Arabako Etxean, askoz ere jende gehiagok eman du izena azken urteetan danborradaren ondorioz, eta beste jardueretan ere parte hartzera animatzen hasi dira.