Txofreko zezen plaza saskibaloi ikuskizun bihurtu zenekoa
Ospetsua da mundu osoan zehar Harlem Globetrotters saskibaloi talde estatubatuarra. Ohiko partidak jokatzeaz haratago joaten dira, eta jokalarien umorea eta trikimailuak baliatuz, sekulako ikuskizuna eskaintzen dute. Donostian ere izan ziren, 1959an.
Historia luzeko saskibaloi taldea da Harlem Globetrotters estatubatuarra. Ezagunak dira, saskibaloian aritzeaz gain, jokalariek partidetan komediari eta antzezpenari lekua egiten dietelako, eta, beraz, ez direlako ohiko saskibaloi talde bat. 1926an sortu zuen taldea Abe Sapersteinek, Chicagon, Chicago Globe Trotters izenarekin. Ez zuten denbora asko behar izan gaur egungo izena hartzeko, izan ere, 1928an, New Yorkeko Harlem auzora lekualdatu ziren, eta New York Harlem Globetrotters izena hartu zuten. Urtebete beranduago, gaur egun duten izena hartzea erabaki zuten, eta horrela mantendu dute gaurdaino.
Lehenengo bi hamarkadetan, Harlem Globetrotters taldea AEBetako saskibaloi talderik onenetakoa bihurtu zen. Izan ere, Sapersteinek herrialdean bizi ziren jokalari afroamerikar talentudunenak fitxatzen zituen talderako. Garaiko gizartean zegoen arraza segregazioaren ondorioz, kirolari beltzek aukera gutxi zituzten profesionalki jarduteko, eta Globetrotterrak ziren horretarako aukera zuten proposamen bakarrenetakoa. Arerio gehienen aurrean adierazten zuten nagusitasuna zela eta, partida askotan —markagailuko aldea atzeraezina bihurtzen zenean—, jokalariek hainbat teknika erabiltzen zituzten baloia elkarri pasatzeko, eta uztaira posizio zailetatik jaurtitzen zuten, ikusleen gozamenerako.
Era berean, betelaneko minutu horietan, Globetrotterrak umorezko keinuak egiten hasi ziren, hala nola, beisboleko edo futbol amerikarreko jokalariak imitatzen, eta horrek beraien berezitasuna are nabarmenagoa egin zuen.
Donostian ikusi zituzten
Urte hauetan guztietan, mundu zabaleko 123 herrialdetan baino gehiagotan aritu dira euren ikuskizuna eskaintzen, eta Euskal Herrira ere iritsi izan dira. Donostian, lehen aldiz, 1959ko abuztuaren 13 izan zen Harlem Globetrotters taldea ikusteko aukera (2007an itzuli ziren, Illunbera), Txofre zezen plazan. Garaiko El Diario Vasco egunkariko kronika batek ekitaldi horren inguruan zegoen ikusmina islatzen du: «Partidaz gain, zortzi atrakzio txinatar egongo dira, eta Richard Bergmanen eta Norikazu Fujiiren arteko ping-pong partida; munduko lehen txapelduna eta Japoniako bigarren txapelduna. Gehiago eska al zitekeen?… Ba, bai! Harlem Globetrottersen joko komiko bereziak zoratu egin zuen plaza betetzen zuen publikoa… Jack Gordonek bere bizikleta eroarekin jardun zuen, eta Paul Smallek argi utzi zuen zergatik zen gomazko gizona».
Ikuskizun handia eskaintzen zuten artista handiak ziren, eta egun hartan, arrakasta handia izan zuten. Gainera, hurrengo egunean, arrakasta handiko beste hainbat ikuskizun izan ziren Donostian: Curro Giron, Jaime Ostos eta Miguelin Queta Claverren ikuskizunarekin lehiatu ziren Antzoki Zaharrean, Adolfo Marsillachek antzezlanak eskaini zituen Kursaalean, eta Paco Martinez Soria etorri zen Principe antzokira.
Aipaturiko hedabidearen arabera, Vienako Zirkua ere Donostian zen egun hartan, Aita Claret plazan. Baina ezerk ez zuen Harlem Globetrotters taldeak baino arrakasta gehiago izan hirian. Ikusleek saskibaloiko baloiak eraman zituzten partidara, eta jokalariek gogo handiz sinatu zizkieten, kronika horren arabera, haien printzipioetako bat baitzen argi izatea nork ordaintzen zizkien euren «soldata zoragarriak»: publikoak, alegia. Beraz, jokalariek dena ematen zuten haiengatik.
Beti martxan
Denbora asko pasatu da saskibaloi taldea sortu eta ospetsu egin zenetik. Orotara, 750 gizon eta emakume inguru izan dira taldearen parte, baina ez dute etenik, eta oraindik ere jarraitzen dute euren ikuskizunak eskaintzen.