«Zentzugabekeria da etorkizun berdera lanpostuak galduz joatea»
Deskarbonizazio prozesuaren barruan, lan erregulaziorako espedientea ezarri nahi du Heidelberg Materials enpresak Añorgako Cementos Rezola fabrikan. Horren aurrean, greba egiten ari dira langileak.
Zein da Cementos Rezolako langileek bizi duzuen egoera?
Aitor Sarriegi (A.S.): Duela bi aste inguru, bilera batean, enpresak esan zigun EEE bat sartuko zuela [enplegu erregulaziorako espedientea, EEE]. Ez genuen inondik espero kolpe hori. Pixkanaka, zehazten joan dira, eta enpresaren proposamena honakoa zen: 56 langile daude kaltetuta, horietatik hamabostekin adostuta zuten aurre erretiroa, baina ez zekiten EEEan sartuko zituztenik. Beste 41ak, printzipioz, kalera doaz. Gero, birkokapenak proposatu ditu enpresak: hamabost Arrigorriagan eta beste horrenbeste kanpoko plantetan; Europako hainbat herrialdetan ditu plantak enpresak, beraz, birkokapenak izan daitezke Britainia Handian edo Europako beste hainbat tokitan.
Enpresak dio deskarbonizazio prozesu baten barruan hartzen ari direla erabaki horiek.
Aritz Imaz (A.I.): Hori da aitzakia. Europan, badago adostasun bat deskarbonizazioa bultzatzeko, eta erabat ados gaude horrekin. Egungo industriak kutsatzen du, eta etorkizun berdeago baten alde erabat kontzientziatuta gaude langileok. Baina erabat sinesgaitza egiten zaigu industria aldaketa honek langileen kontura izan behar duenik.
102 langile dituen planta batean, lehenengo erabakia baldin bada 56 langile sobran dituela, hau estrapolatzen badugu gainontzeko enpresetara, a zer langile pila gauden sobran. Etorkizun berdeago baterantz lanpostuak galduz joatea zentzugabekeria iruditzen zaigu. Trantsizio bat egin beharko dugu etorkizun berde horretarantz, baina Europako milioiak eta industria garatzeko dauden inbertsio horien guztien ondoren, lehenengo erabakia baldin bada langileak kaleratzea, ez gaude ados, eta ez dauka ez hanka eta ez buru planteamendu horrek.
Egungo industria kutsatzailea eta krisi klimatikoa bultzatu duten enpresa eta erakundeek eramango omen gaituzte etorkizun berdeago batera.
A.I.: Langilegoaren erabilpena da: lan egiteko behar izan gaituztenean, erabili gaituzte, eta, aldaketa bat egin behar dutenean, gu gaude sobran. Noski, beraien mozkinak lehenesten; kapitalismoa horrelakoxea baita: iaz baino gehiago irabazi behar dut aurten, eta hurrengo urtean aurten baino gehiago. Aspalditik genekien horrek ez zeukala ez hanka eta ez buru. Guri, gillotina orain iritsi zaigu, akziodun aleman batzuek diru asko irabazten jarraitu dezaten.
Hain zuzen ere, Añorgako enpresa mitikoa da Cementos Rezola, baina, gaur egun, kapital alemanaren esku dago.
A.S.: Garai batean, bertako familia batena zen enpresa, baina gero saldu egin zuten. Eta, multinazional hauei berdin zaie Añorgako enpresa saltzea eta beste nonbaiten irekitzea planta bat.
Azkenean, kapitalismoan, etorkizun berdeago baten aitzakiapean, langileok ordaintzen ditugu murrizketa guztiak. Deskarbonizazioan inbertitu behar da, baina ez langileak kaleratuz. Dena ekologikoa izango balitz langileak erditik kenduta… Kontua da Europako diru asko dagoela tartean, eta interes asko. Bere garaian, 2030a jarri ziguten deskarbonizazio prozesuaren epemuga gisa; orduan, prozesua pixkanaka egin nahi bada, zergatik erabakitzen da bat-batean, sei urte lehenago, langile ugari kaleratzea? Hor zerbait dago.
A.I.: Hitz gakoa trantsizioa da. Langileok etorkizun berdeago baten alde gaude, berriz diot, argi ikusten dugulako horrenbeste kutsatzen jarraituz gero pikutara goazela denok. Baina, etorkizun horretara heltzeko, denok asumitu beharko dugu trantsizio bat egin beharko dugula, non ezin diren langileen erdiak kanpoan gelditu. Enpleguak mantendu behar dira, erabaki berdeak hartu behar dira eta egin beharreko inbertsioak egin behar dira. Eta dirua Europatik badator, askoz hobe, baina lanpostuak sobran geldituko badira, ez digu balio trantsizioak, guk ordainduko dugulako multinazionalak ordaindu beharko lukeena.
Bestalde, enpresa eskuz aldatzen da, baina langileak berberak gara, hemengoak: Añorgakoa ez dena Hernanikoa da, edo Donostiakoa edo Tolosakoak. Aldiz, erabakiak hartzen dituztenak ez dira hemengoak, eta kanpoko erosotasunetik hartzen dituzte erabakiak.
«Jaien hasieran, hitza eman ziguten. Hunkigarria izan zen. Babes handia jasotzen ari gara Añorgatik»
Agian, gutxiago irabazi behar du enpresak.
A.I.: Diotenez, 150 urteko antzinatasuna duen labe bat itzali behar dute, eta gu kontziente gara horrek ondorio batzuk izango dituela. Baina ondorio guztiek ezin dute izan langileontzat.
Bi aste daramazue greban. Zer moduz daramazue?
A.S.: %100eko jarraipena dauka grebak, lantegia itxita dago.
Añorgatarren babesa jaso duzue?
A.S.: Ni Añorgakoa naiz, eta, bai, auzoaren babesa jasotzen ari gara. Joan den larunbatean, esaterako, jaien hasieran, hitza eman ziguten pregoiaren irakurketan. Hunkigarria izan zen, egia esan. Babes handia jasotzen ari gara auzotik, argi eta garbi.
Bukaerara arte borrokatuko duzue?
A.I.: Ez daukagu beste aukerarik. Alternatiba errealista bat eduki arte mahai gainean, greban jarraituko dugu.