Eurokopako finala ikusteko pantaila erraldoi bat jarriko dute Donostian
Donostia Kirolak pantaila erraldoi bat jarriko du Espainiako gizonezkoen futbol selekzioak Ingalaterrakoaren aurka igandean jokatuko duen Eurokopako finala ikusteko (21:00). Anoeta estadioaren atzealdean jarriko dute pantaila, miniestadioaren ondoan, eta Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak azaldu du DJ bat ere egongo dela 20:00etatik aurrera, arratsaldea girotzeko.
PPk Eneko Goia alkateari pantaila erraldoia jartzeko eskaera egin ostean iritsi da udalaren iragarpena: “Donostia Espainiako futbol selekzioaren garaipenak ospatzen ari da egunotan, nola ez! Donostiarrek gol bakoitza ospatzen dute, tabernetan edo etxeetan elkartzen dira partidak ikusteko eta selekzioaren kamisetak ikusten dira partida egunetan. Zergatik ez jarri pantaila erraldoi bat partida elkarrekin ikusteko, kalean, beste hiri batzuetan egingo duten moduan?”, adierazi zuen Borja Corominas PPren udal taldeko bozeramaileak.
Realeko bost jokalari ari dira Eurokopa jokatzen Espainiako selekzioarekin: Alex Remiro, Mikel Oiartzabal, Mikel Merino, Robin Le Normand eta Martin Zubimendi.