La Suizako sindikalistei elkartasuna adierazi diete
Gipuzkoako CNTk elkarretaratzea egin du larunbat eguerdian Donostiako udaletxearen aurrean, sindikalismoa defendatzeko eta La Suizako sindikalistei elkartasuna adierazteko. Sindikalismoa ez da delitua lelopean, auzipetuen askatasuna aldarrikatu dute.
Gijongo La Suiza gozotegiko sei sindikalista asturiarrei babesa eman die sindikatu anarkistak, Espainiako Auzitegi Gorenak hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri baitie. Ohar batean jakinarazi dutenez, 2017ko maiatzetik irailera bitarte Asturiasko gozotegiaren aurrean izandako kontzentrazioen harira zigortu dituzte langileak, La Suiza gozotegiaren jabearen aurkako jazarpen ekintzak egin zituztela iritzita.
La Suizako langile baten defentsan jardun zuten sindikalistak zigortu izanak Espainiako Estatuko langile sindikatu guztiak mugiarazi ditu. Sindikatuek zigortuen absoluzioa eskatu dute, eta ohartarazi dute horrelako erantzun judizialak atzerapausoak direla langileen defentsarako ekintza sindikaletan. Era berean, kezkatuta agertu dira eredu izan daitekeelako aurrerantzean kalean egiten diren ekintza sindikalak kriminalizatzeko.