25 taldek hartuko dute parte Donostiako Klasikoan
Abuztuaren 10ean egingo dute aurtengo Donostiako Klasikoa, 43.a, eta parte hartuko duten taldeak iragarri dituzte dagoeneko: UCI World Teams mailako hemezortzi taldeak eta Euskal Herriko lau arituko dira. Guztira, 175 txirrindularik hartuko dute parte. Ibilbidearen berri joan den astean eman zuten, eta bi berritasun nagusi daude aurten: Murgiletik beharrean, Igeldora Pilotegitik igoko direla —%27rainoko maldak ditu Pilotegik— eta Zurriolan hasi eta bukatuko dela, Bulebarrean izan beharrean.
Hauek dira UCI World Teamseko hemezortziak: Soudal Quick-Step, UAE Team Emirates, EF Education-Easypost, Bahrain Victorious, Movistar Team, Decathlon AG2R La Mondiale Team, Team Visma, Team DSM-Firmenich Postnl, Lidl-Trek, Astana Qazaqstan Team, Intermarche-Wanty, Team Jayco Alula, Cofidis, Red Bull-Bora-Hansgrohe, Groupama-FDJ, Alpecin-Deceuninck, Arkea-B&B Hotels eta Ineos Grenadiers.
Bestalde, UCI sailkapena dela eta, Lotto Dstny, Israel-Premier Tech eta Uno-X Mobility taldeek Klasikoan parte hartzeko aukera zuten, eta aukera hori baliatzea erabaki dute hirurek. Azkenik, antolatzaileek TotalEnergies taldea eta Euskal Herriko hiru talde gonbidatu dituzte Donostiako Klasikoan parte hartzera: Caja Rural, Kern Pharma eta Euskaltel Euskadi. Horrela, Movistarrekin, lau izango dira Klasikoan parte hartuko duten talde euskal herritarrak.