Euskal selekzioaren alde agertu dira Karmengo jaietan
Espainiako gizonezkoen futbol selekzioak Eurokopako finala jokatu eta irabazi zuen igande gauean Ingalaterraren aurka (2-1). Euskal Herriko beste hainbat tokitan egin zuten moduan, Donostian, hainbat herritar elkarretaratu ziren kaian, Karmengo jaien bueltan, Espainiako selekzioari boikot egitera deituz eta euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena eginez.
“Dakizuen moduan, gaur, Espainiako gizonezko futbol selekzioak Eurokopako finala jokatuko du. Honek, bizi dugun asimilazio nazionalean sakontzeko arriskua sustatzen du, espainolismoari atea zabalduz. Zapaltzen gaituen estatuaren gorazarrearen aurrean, argi dugu: gurea euskal selekzioa”, nabarmendu zuten.
Bitartean, jende andana bildu zen Donostiako Udalak Anoeta estadioaren kanpoaldean jarritako pantaila erraldoian finala ikusteko. Realeko bost jokalari aritu dira Espainiako selekzioarekin Eurokopa jokatzen: Alex Remiro, Mikel Oiartzabal, Mikel Merino, Robin Le Normand eta Martin Zubimendi. Hain zuzen ere, Oiartzabalek sartu zuen Espainiari garaipena eman zion gola.
Palestinaren alde
Euskal selekzioaren aldekoa ez ezik, Palestinaren aldeko ekintza ere egin zuten igandean kaiko karmenetan. Hain zuzen ere, hainbat auzotar bildu ziren jai gunean, eta argazkia egin zuten, Palestinako bandera erraldoi batekin.
🇵🇸 Israelek eragindako enegarren sarraskia salatzeko asmoz auzo argazkia egin dugu. Karmengo festetan ere #GenozidioaStop#StopGenocideNow#Aski #FreePalestine pic.twitter.com/YGk4o9w9CT
— Itziar Iturri Arrazola (@Itziar_Iturri) July 14, 2024