Franz Weber fundazioak «zezenketen lobbyaren promozioak» salatu ditu
Haur eta gazteen eskaintzak Aste Nagusiko zezenketen promozioetatik kentzeko eskatu du fundazio animalistak.
Franz Weber Fundazioak salatu egin du zezenketetan adingabeentzako eskaintza jarri izana eta adin tarte horretara bideratuta dagoen edozein sustapen edo eskaintza erretiratzeko eskatu du. Adingabeentzako eskaintza mantentzea “Haurren Eskubideen Batzordearen gomendio espezifiko baten aurkakoa” dela nabarmenduta, adierazi du animalienganako indarkeriazko erasoak ikusteak ondorio traumatikoak ekartzeaz gain, “indarkeriaren normalizazioan eta erasoa onartzeko jarrerak sustatzen” lagun dezakeela.
Animalien eskubideen aldeko fundazioak ohar batean ohartarazi duenez, 2018ko Espainiaren ebaluazio txostenak “oso argi jaso zuen” 18 urtetik beherakoak zezen ikuskizunetatik urrundu behar zirela. Fundazioko Virginia Portilla psikologoak adierazi duenez, halaber, “zezenketen lobbyaren promozio horiek talde kalteberak sartzeko ahalegin desesperatuan” dabiltza. Izan ere, azaldu duenez, azken urteotan egindako ikerketa soziologiko guztiek iragartzen dutenez, “belaunaldien arteko erreleborik eza” du “krudeltasun eta indarkeria” dinamika horrek.
Gauzak horrela, zezenketen sustatzaile diren Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari haurrak eta nerabeak babesteko eskatu diete: “Haien garapen sozial, moral, intelektual edo psikikorako kaltegarriak diren jardueretarako sarbidea sustatzea bilatzen duen edozein publizitate edo sustapen kentzeko”.