«Getaria-Zarautz zeharkaldia da Kantauri itsasoko probarik garrantzitsuena»
Uztailaren 28an 52. aldiz lehiatuko da Carlos Santana donostiarra Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian. Hori dela eta, Gipuzkoako Hitzak igerilari beteranoa elkarrizketatu du. Hona hemen pasarte batzuk:
14 urterekin hasi zinen igerian lehiatzen. Non gordetzen dituzu domina eta garaikur guztiak?
Beira arasa handi bat dut etxean, eta hor sartzen ditut domina eta garaikur asko, baina, egia esan, etxe osoan ditut sakabanatuta. Nire emaztea nazkatuta dago jada hainbeste kopa eta trofeorekin. 70 urte daramatzat igerian, pentsa. Esango nuke, hala ere, dudan adinera ondo iritsi izana dela garrantzitsuena.
Duzun adinera halako sasoiarekin iristeko, zein da sekretua?
Bizitza osasuntsu bat edukitzea. Zortea kontua ere bada. Nik ez ditut inoiz gehiegikeriak egin. Gaztetan ateratzen nintzen parrandara, baina, bestela, nahiko bizitza lasaia eraman dut. Beti oso normal jan izan dut. Hori bai, otorduetan ardoa gaseosarekin edaten dut.
Zer-nolakoa da zure eguneroko bizimodua?
07:45 inguruan esnatzen naiz beti. Ondo gosaltzen dut, eta 09:00 aldera Atletico San Sebastian kirol elkartera etortzen naiz, kirola egitera, lehiatzen hasi nintzenean euren babesa jaso bainuen. Kirola egin ondoren, 11:15 aldera etxera joaten naiz, eta erosketaren bat egitera joaten naiz nire emaztearekin. 13:30ean itzultzen gara etxera, bazkaltzera. Arratsaldean, kalera atera ohi naiz, eta, bestela, bizikletan aritzea gustatzen zait, etxean. Afaldu, berriz, 20:30 inguruan egiten dut, eta 22:30 aldera joaten naiz ohera. Bizitza lasaia daramat, baina horixe dut gustuko.