Hondartzako futbola omentzeko kamiseta erabiliko du Realak etxetik kanpo
Realak 2024-2025eko denboraldian talde guztiek erabiliko duten bigarren jantzia aurkeztu du. Klubak azaldu duenez, “omenaldi bikoitza” egin nahi izan dute elastiko berriarekin: “Kamiseta urre kolorekoa da, gure hondartzetako harea bezalakoa, milaka gipuzkoarrentzat futbola hondartzan sortzen baita. Urrezko tonalitateen atzean beste elementu nabarmenetako bat ikusten da: Anoetako sinbolo bisualetako bat diren zertxa ezagunak. Etxetik kanpo jokatzen dutenean, gure taldeek gure lurrari eta gure etxeari keinu egingo diete jantziarekin”. Lehenengo jantzia, txuri-urdina, maiatzean aurkeztu zuten, eta dagoeneko salgai jarri dute bigarrena ere.
Urre kolorea eta beltza nahasten ditu etxetik kanpo jokatzeko jantziak, eta klubak nabarmendu duenez, “lepoa, biribila dena, eta mahukak efektu lausoko marra beltz finekin apainduta ditu. Kamisetak urre koloreko banda horizontalak ditu, batzuk tonu distiratsuekin, eta beste batzuk tonu mateekin. Tonu bat beste baten gainean tindatutako bereizgarri grafikoek spray efektua duen irudi bat sortzen dute, gure etxe maitearen estalki ospetsua irudikatuta”.
Galtza, aldiz, saskibaloian erabiltzen diren galtzetan “inspiratuta” dago, Realak azaldu duenez: “Bi bertsio daude eskuragarri: beltza urre koloreko apaingarriekin eta urre kolorekoa apaingarri beltzekin. Galtzerdiak urre kolorekoak dira, eta goiko aldea beltza dute. Lerro beltz horizontal batzuk ere badituzte, galtzerdiaren beheko aldean finagoak direnak”.
Lehenengo jantziarekin egin zuten moduan, Eco Fabricekin egin dute bigarrena ere: “Plastiko birziklatutik eratorritako poliesterrezko material bat da; beraz, horrek berresten du klubak eta bere bazkide teknikoak iraunkortasun eta ingurumenarekiko duten konpromisoa”.