Aurrera doa Cementos Rezolako langileen borroka
Ekainaren 28tik greba mugagabean daude Añorgako fabrikako langileak.
Manifestazioa egin dute gaur goizean Añorgako Cementos Rezola fabrikako langileek, enpresak ezarritako Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) kontsulta fasea bukatzear denean.
EEE hori martxan jartzeko enpresak eman duen arrazoia, zera da: Clinker ekoizpena Añorgatik kentzea eta jarduera hori Heidelberg Materials enpresak Arrigorriagan duen plantara mugatzea. LABek adierazi du trantsizio ekosozialaren aldeko apustua egiten dute arren, halako prozesuek langileen parte hartzea izan behar dutela oinarri, eta kaleratzerik gabe eraman behar direla aurrera. Hortaz, Usua Lasa LAB sindikatuko kideak esan duenez, ez dituzte kaleratze horiek justifikatzen dituzten arrazoiak onartzen.
Hainbat proposamen egin dizkiote langileek enpresari, baina denak ukatu dizkiete. Bihar izango da enpresarekin programatutako azken bilera. Ekainaren 28az geroztik greba mugagabean jarraitzen duten langileek argi dute beren helburua: deskarbonizazioa ahalbidetzea, baina inolaz ere lanpostuak suntsitzeko aitzakia gisa. Hala ere, Lasak adierazi du posible dela epe hori luzatzea, “alde guztietatik horri irtenbide bat emateko borondatea badago”. 11:00tan izango da bilera bihar, baina oraindik ez dakite non. 10:00etan elkartuko dira autoen karabana egiteko, eta, ondoren, elkarretaratzea egingo dute.