Donostiak Coruñari pasa dio Atlantic Cities-en lehendakaritza
Gastronomia atlantikoaren, turismo jasangarriaren eta ozeanoen babesa eta bere baliabideen aldeko deklarazioa sinatu dute.
Donostiako alkate Eneko Goia arku atlantikoaren Atlantic Cities sarearen Urteko Batzar Orokorraren burua izan da. Atzo eta gaur egin dituzte bilerak, Frantziako Brest hirian, eta bertan, Donostiak Coruñari pasa dio sarearen lehendakaritza.
Goiak azken urteotako lorpen guztiak aipatu ditu batzarraren ongietorrian: “Azken hiru urteotan sarearen antolakuntza kontsolidatu da, eta gainera zabaldu da, Miarritze, Bilbo edo Braga hirien sarrerarekin. Horiek eta sarea osatzen dugun gainerakoek benetako Atlantiar Korridorea sustatzen jarraitu dugu”.
Era berean, hainbat proiektutan aurrerapausoak eman dituztela esan du, eta beste hainbat egiteke daudela; besteak beste, Santander, La Rochelle edo Chebourg hiriekin loturak, Bordele eta Hendaia arteko zatia amaitzea, eta Portugal eta Espainiaren arteko loturak hobetzea. Sortutako lantalde batek jarraituko du horiek guztiak aldarrikatzeko lanean.
Halaber, Goiak Altantiar makro-eskualdea eta bere garapena aldarrikatu ditu, eta esan du “elkarlana sakontzeko erronka eta aukera berriak” identifikatu direla; besteak beste, turismo jasangarria, gastronomia atlantikoa eta aldaketa klimatikoa.
Bresteko adierazpena
Hiri atlantikoen Bresteko Adierazpenaren sinadurarekin amaitu da batzarra. Sarearen kideek adierazpena egin dute azken bi egunetan gastronomia atlantikoari, turismo jasangarriari eta ozeanoen babesari buruz eztabaidatu ondoren.
Gastronomia atlantikoa “bere kulturaren ondare garrantzitsu baten parte” dela esan dute bertan, eta beraz, konpromisoa adierazi dute “erakundeen eta elkarteen arteko elkarlana bultzatzeko gastronomia atlantikoak mediterraneoak duen aitortza maila izan dezan”. Sukaldaritza eta elikadura osasuntsu eta integratzailea sustatzeko, bertako ekoizleak babesteko, eta hezkuntza eta sentsibilizazioa lantzeko konpromisoa ere adierazi dute, beste batzuen artean.
Hiri atlantikoek euren kezka eta borondatea adierazi dute aldaketa klimatikoari aurre egiteko. Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuekin bat egin dute; ozeanoen eta baliabide hidrikoak babesteko Blue Deal bat egitea eskatuko dute, eta ozeanoei buruz Europak lantzen dituen estrategia berrietan parte hartzeko nahia adierazi dute.