Arteaz, Atik Zra
Jose Luis Lanzagorta artistak 'Atik Zra' erakusketa aurkeztu du Ekain arte galerian, 'Begiaundi Press' bildumaren 10. urteurrena ospatzeko.
Jakina da tinta botatzen duen arrain bat dela begihandia. Jose Luis Lanzagorta artista gasteiztarrak ere, halako zerbait egiten du bere lanetan. Duela hamar urte eman zion hasiera Begiaundi Press bilduma artistikoari, eta gaur, bildumaren bosgarren eskaintza aurkeztu du Parte Zaharreko Ekain arte galerian.
Atik Zra du izena erakusketak, eta hizkiak ditu protagonista. Plastikozko eta egurrezko hizkiak inprimatzen sortu ditu galerian zintzilikatuko dituen 27 lanak; horietatik hemeretzi bilduma berrikoak dira, eta, gainontzeko zortziak aurretiaz egindako erakusketa batekoak. Azken hauek, Bilboko Graficas Mercurio enpresak maileguan utzitako egurrezko hizki handiekin egin ditu, hauen gainjartzearekin jolastuz. Ordena alfabetikoan zintzilikatuko ditu Lanzagortak galeriako pareta zurietan.
“Ez nuen konposizio perfektua bilatzen”, aitortu du artistak. Azaldu duenez, hizki bakoitzak konposizio eta kolore bat eskatzen zion, eta sentitutako horri tiraka sortu ditu pieza guztiak. Banan-banan sortu ditu, aurreko eta ondorengo hizkiaren konposizioari erreparatu gabe. Hala ere, antza handia dute batzuek beste batzuekin.
Koloreari dagokionez, dena beltzean dago konposatuta. Hortik aurrera, hizkiak eskatzen zion kolorea gehitu dio: “Banekien kolore gutxi batzuk soilik erabiliko nituela”. Urdina, gorria, urre kolorea eta purpura izan dira aukeratutakoak, beltzarekin harmonian. Esan duenez, argi izan zuen hasieratik ez ziola letra bakoitzari kolore bana emango: “Hizkietan jarri nahi nuen indarra, ez koloreetan”.
Tipografia zalea
Artearen munduan hasi zenetik dabil Lanzagorta hizkien konposizioan, buru-belarri. Tipografiaren zale amorratutzat du bere burua, eta tipografia tailer bat da bere lan guztien sehaska. Azaldu duenez, Ekainen egin zuen azken erakusketak, Movie Prints, tipografian zegoen oinarrituta, baita ere, baina askoz ere “libreagoak “gogoratzen ditu lan horiek. “Kuriosoa da, bilduma hauetan hizki asko daudelako, baina ez dago hitzik”, gehitu du artistak. Datu bitxi gisa, euskal tipografia erabili duela aitortu du, konposizio batzuk egiteko.
Bere lan berria Ekainen aurkeztea etxera itzultzearen parekoa dela aitortu du artistak, eta Rita Unzurrunzaga galeriako zuzendariak esan du “plazer handi bat” dela Begiaundi Press bosgarren aldiz bertan edukitzea. Pieza bakoitzaren hamar ale jarriko ditu salgai, ehun eurotan. Unzurrunzagak aitortu duenez, oso prezio “arrazoizkoa” da maila horretarako artelan batzuentzako.