Eskusaitzetan baterien materialak ikertzeko laborategi bat egingo dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Cidetec ikerketa aplikatuko zentroak baterien materialak ikertzeko laborategi bat jarriko dute martxan 2025ean, Zubietako Eskusaitzeta industriagunean. Punta puntako mikro energetikoa sortzea aurreikusten dute, energia berriztagarriak sortzeko eta bateria berrerabilien bidez biltegiratzeko sistemen bitartez. Era berean, industriagune horretan bertan ezarritako enpresen eta erakundeen autonomia energetikoa sustatzea dute helburu.
Bi proiektu berri horiei esker, Gipuzkoako trantsizio energetikoa “nabarmen azkartuko da” Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko Diputatuaren arabera, eta ziur agertu da baterien sektorean handitzeko “ekosistema industrial berri bat” bultzatzeko balioko dutela.
Diputatuak gogorarazi duenez, energia berriztagarrien bilakaeraren eta mugikortasun elektrikoaren ondorioz energia biltegiratzearen sektorea “hazkunde handiko” testuinguru batean aurkitzen da egun eta, era berean, baterien ekoizpenak gora egingo duela aurreikusten da. Hala, ohartarazi du bateria horien bizitza amaitzerakoan emango zaien helmuga jasangarria finkatzeko “premia larria” duela gizarteak.
Erronka globalak, Zubietan
Cideteceko Javier Rodriguez zuzendariaren esanetan, erronka “globala eta mastodontikoa” bada ere, Gipuzkoak bere “ekarpen txikia” egin diezaioke “baterien zirkulartasunaren zikloari”, hau da, konponketa, manufaktura, berrerabilera eta birziklapena. “Eta hori guztia karakterizazioarekin hasten da”, esan du Rodriguezek; izan ere, bateria bat zein egoeratan dagoen, zenbat denbora geratzen zaion, konpondu, birmanufakturatu eta berrerabili daitekeen edo, birziklapena nola egiten den jakitea esan nahi duela zehazten du.