Gaurko egunez, 1946an, Joseba Elosegik ikurrin bat zintzilikatu zuen Artzain Onaren katedralean
Donostiarekin lotutako beste bi efemeride daude gaurkoan, 1961ekoak: ETA saiatu zen bere lehen ekintza handia egiten eta Maria Mercedes Antxeta venezuelarra atxilotu eta torturatu zuten.
Gaurko egunez duela 78 urte, 1946ko uztailaren 18an, Joseba Elosegi gudari donostiarrak (1915-1990) bere ekintza ezagunenetako bat egin zuen: ikurrin bat zintzilikatu zuen Artzain Onaren katedraleko puntatik, Francok 1936ko estatu kolpea eman zuenetik hamar urte betetzen ziren egunean. Argia-k eman du efemeridearen berri, bere efemerideen kanalean.
Elosegik sei hilabete pasatu zituen kartzelan ekintza horrengatik. 36ko gerran gudaria izan zen Elosegi, baina 1970ean egin zen bereziki ezagun, Atano pilotalekuan Francoren aurrean bere buruari su emateagatik. Bestalde, 1984ean, Madrilgo Armadaren Museotik Itxarkundiaga batailoiaren ikurrin bat berreskuratu zuen. Horren aurretik, beste hautetsi batzuekin Rotako basean zela, Francoren erretratu bati buelta eman zion. EAJrekin senatari izan zen, baina jeltzaleen banaketarekin, EAn sartu zen. Hedabide honek Elosegiren bizitzaren errepaso zabala egin zuen 2021ean, Ales Elosegi semearen eskutik.
1961eko bi efemeride
Donostiarekin lotutako beste bi efemerideren berri ere eman du gaurkoan Argia-k, biak 1961. urtekoak. Alde batetik, gaurko egunez urte hartan, ETA saiatu zen bere lehen ekintza handia egiten: soldadu frankista ohiak garraiatzen zituen tren bat bidetik ateratzen saiatu zen erakundea; Francoren altxamenduaren 25. urteurrena ospatzera zihoazen Donostiara.
Aieteko tunelaren irteeran, trenbidea hondatu zuten etakideek, baina militanteen eta erakundearen beraren esperientzia faltak eraginda, ekintzak ez zuen eraginik izan eta trena arazorik gabe iritsi zen helmugara. Ekintza horri buruz, “gure kezka nagusia inor ez hiltzea zen”, nabarmendu zuen Julen Madariaga ETAren hastapenetako kideak Berria-n, 2011n. Erakundearen esperientzia falta agerikoa zen, ez baitzuten lortu ez soldaduen trena eta ez egun hartan handik pasatu ziren beste trenetako bakar bat ere ez geldiaraztea.
Egun berean, Donostian zenbait Espainiako bandera erre zituzten publikoki, besteren artean, aldundiaren liburutegikoa, Londres hotelaren aurrean beste bat eta hirugarren bat Prim kalean, Udaltzaingoaren komisariatik 100 bat metrora. Poliziak 110 lagun atxilotu zituen hurrengo egunetan hainbat udalerritan, torturak pairatu zituzten eta 31 espetxeratu egin zituzten; horietako zazpi, Gerra Kontseiluan epaitu zituzten eta hogei urteko espetxe zigorra ezarri zieten.
Bestetik, Argia-k gogora ekarri duen Donostiarekin lotutako 1961eko beste efemeridea Maria Mercedes Antxetaren atxiloketarena da. Venezuelarra zen, eta oporretan zen hirian egun hartan. Talde antifrankista bat errepresioaren aurkako esku orriak banatzen hasi zenean, inguruan harrapatu zuen iskanbilak. Espainiako Poliziak atxiloketa masiboak egin zituen, eta Antxeta ere atxilotu zuten, abizen euskalduna zuelako.
Brigada Politiko Sozialaren buru eta torturatzaile ezaguna zen Meliton Manzanasen eskuetatik pasatu zen, eta era basatian torturatu zuten. Venezuelako Gobernuak lortu zuen Antxeta Donostiatik ateratzen, baina 46 egunen buruan hil zen Caracasen. Besteak beste, gorputza ebakiz josia eta bagina txikituta zeukan. 1961 eta 1993 artean hamalau pertsona hil ziren Euskal Herrian Poliziak eginiko torturen ondorioz. Manzanas ETAk hil zuen gerora, 1968an.