San Telmo Gaua egingo dute larunbatean
San Telmo Gaua egingo dute larunbatean, uztailaren 20an. Museoa gauez irekiko dute, eta doan sartzeko aukera izango da. Elkarrizketa bat: Chillida eta arteak. 1950-1970 erakusketarekin batera, zabalik egongo dira klaustroa eta eliza ere. Duela hamar urte izan zen aurrenekoz museoa gauez ezagutzeko aukera. Lehenengo hartan, Museoen Nazioarteko Egunaren harira egin zen gaueko irekiera berezia.
Laster hartu zuen San Telmo Gaua izena, eta horrela ospatzen jarraitu dute urtez urte. Aurreko edizioetan bezala, 20:30etik 00:00etara izango da museoa doan eta ezohiko moduan bisitatzeko aukera, gauez, musikarekin girotuta eta taberna zerbitzuarekin. Aurten, gainera, Badok.eus-ek berariaz prestatutako musika zerrenda izango da gaua girotuko duena. Badok euskal kantagintzaren ataria 2009 urtean sortu zuen Berria egunkariak eta egun, eraberriturik, euskal kantagintzaren ondarearen transmisiorako lanabes bilakatu da.
Aldi baterako erakusketak ezohiko eran bisitatzeko aukera emateko asmoz sortu zen jarduera berezi hau, eta hasierako funtsari eutsita, aurten, Elkarrizketa bat: Chillida eta arteak. 1950-1970 bisitatzeko aukera izango da. Eduardo Chillidaren jaiotzaren 100.urteurrenaren harira antolatutako erakusketa honek lehen mailako artista askoren lanak biltzen ditu.