Xabier Atristain baldintzapean aske gelditu da
Xabier Atristain Gorosabel euskal preso donostiarra baldintzapean aske utzi dute, Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. 2023ko abendu bukaeran hirugarren graduan jarri zuten eta 2024eko martxotik baliabide telematikoen bidez bete du bere zigorra.
Hamahiru urte baino gehiago zeramatzan preso, ETArekin lotuta. 2022tik, hainbat aldiz sartu eta atera dute kartzelatik. Izan ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urte hartan ebatzi zuen prozesu “justu eta ekitatezkoa” izatea ukatu ziola Espainiak donostiarrari, ez ziolako utzi inkomunikatuta egon zen aldian konfiantzazko abokatu bat kontratatzen. Horregatik, 2022ko otsailean, behin-behinean aske utzi zuten, baina berriz espetxeratu zuten ekainean.
2022ko uztailean, berriz aske gelditu zen, hirugarren graduarekin, baina berriz espetxeratu zuten urrian. Hainbat gorabehera izan ostean, aipatu moduan, 2023ko abenduan eskuratu zuen hirugarren gradua, eta aurtengo martxotik baliabide telematikoen bidez ari zen betetzen bere zigorra.