Aieteko Jai Batzordea osatu dute
Aieten, gero eta gertuago dituzte jaiak, eta oraindik hilabete baino gehiago gelditzen zaien arren, auzoko eragileak buru-belarri dabiltza antolaketa lanetan. Horren adierazle da, hain zuzen, berriki emandako pausoa: Aieteko Jai Batzordea osatu dute. Sare sozialetan iragarri dutenez, indarrak batu eta elkarlanean aritzeko asmotan, Aieten Euskaraz, Lantxabe eta ACD elkarteko kideek bat egin dute, eta aurten jai batzorde gisara arituko dira jardunean. Dagoeneko, beraz, 20 lagunek osatutako taldea, espazioan dabil xehetasun guztiak fintzen.
Aurten, irailaren 6an lehertuko dira Jolaskotiko zelaian egiten diren jaiak. Ohi moduan, Aieteko bizilagunek bi asteburu izango dituzte —irailaren 20ra bitarte— gorputzak astindu eta auzoko jarduerez gozatzeko. Datak gerturatzen ari direnez, halaber, jai batzordeak iragarri du datozen asteetan hasiko direla kontzertuak eta programazioaren xehetasunak plazaratzen.