Arteterapia, minari aurre egiteko babeslekua
Duela hogei urte etorri zen Euskal Herrian bizitzera Svieta Kastxena Golosai ukrainarra. Sei hilabete daramatza Donostian bizitzen, eta arteterapiako titulua atera berri du unibertsitatean. Betidanik izan du harreman estua artearekin, eta bizitzan zehar egin duen denak, modu batera edo bestera, artearekin zerikusia izan du. Horrela, bada, arteaz, Ukrainaz, Donostian egiten duenaz eta bere ametsez aritu gara hizketan.
Txikitatik, pintura eskoletan izena emateko eskatzen zien gurasoei Svieta Kastxena Golosaik (Berditxiv, Ukraina, 1986). Kastxenak dio bere amak «gehiegi» babesten zuela, eta ez ziola uzten eskola horietara joaten, bidetik bahitu egin zezaketela uste zuelako. Hogei urte daramatza Euskal Herrian bizitzen —azken sei hilabeteak Donostian— eta, berriki, arteterapia espezialitatean graduatzeko aukera izan du Madrilgo Antonio Nebrija unibertsitatean. Ondarreta hondartzaren parean bizi da alabarekin, eta hango lorategian egin dugu hitzordua, bere bizitzaren nondik norakoak azaltzeko.
Artea «babesleku» bat da Kastxenarentzat, eta haurtzaindegitik ikusten zitzaion gaitasun handia zuela margoekin lan egiteko. «Gogoratzen dut haurtzaindegian marrazki bat egiteko eskatzen zigutela, eta nik oso azkar egiten nuela. Besteek, aldiz, ez zekiten oso ondo nondik hasi», azaldu du Kastxenak. Pintura eskoletan ezin zuenez izena eman, bere kabuz egin behar izaten zituen artelanak. Ordea, asmatu zuen pixkanaka bidea egiten: «Nire ahizpa margolari batekin ezkondu zen, eta bera hasi zen niri pixka bat irakasten. Asko gustatu zitzaidan irudi erlijiosoak egitea, eta hori erakutsi zidan irakasle bat ere izan nuen. Gerora, pintura sorta bat oparitu zidaten, eta nire hirian zegoen margolari onenaren eskoletan izena eman nuen».
Euskal Herrira, oso gazte
Maitasunak ekarri zuen Euskal Herrira Kastxena, 18 urterekin. Bertan bizi zen Ukrainako gizon batekin ezkondu zen Iruñean, 18 urterekin. «Garai hartan, gure kulturan, 18 urterekin erabat heldua eta autonomoa zinen. Nik gurasoen etxetik alde egin nahi nuen, nire bizitza propioarekin hasteko. Hemen bizi zen pertsona bat ezagutu nuen, eta oso gazte ezkondu nintzen berarekin. Hona etorri nintzen, eta Euskal Herria hainbeste gustatu zitzaidanez, bertan geratu naiz», azaldu du.
«Gure kulturan, 18 urterekin erabat autonomoa zinen. Nik gurasoen etxetik joan nahi nuen, nire bizitzari ekiteko»
Ezkondu ostean, Beran, Lesakan eta Etxalarren (Nafarroa) egon zen bizitzen. Ondoren, Kantabrian ere eman zuen denboralditxo bat, baina Euskal Herrira itzultzeko nahiari helduta, Azkoitira lekualdatu zen. Ondoren, Irunen ere bizi izan zen, eta duela sei hilabetetik Donostian dago. Euskal Herrian daraman denbora tarte honetan ere, arteari hertsiki lotuta egon da ukrainarra: «Euskal Herrira etorri nintzenean, erretratua pastelekin egiten irakasten zuten akademia batera joan nintzen, eta baita Santiago Jorge margolari kanariarra zegoen beste akademia batera ere; paisaiak espatularekin margotzen zituen berak».
Leku horietan ikasten aritu ostean, sentitu zuen nahikoa bazekiela arteaz, eta bazela berak zekiena gainerakoei erakusteko garaia. «Beraz, irakasle sartu nintzen Iruñeko San Anton arte galerian. Oso gustura egon nintzen, jendeari asko gustatzen zitzaion. Asko betetzen ninduen ikusteak hasiera batean pinturarekin zerikusirik ez zuen jendeak sekulako koadroak egiten zituela. Nik ere asko ikasi nuen beraiekin, izan ere, asko betetzen nau ikusteak ez naizela kateatuta geratzen nire margoetan, eta gaitasuna dudala margoekiko dudan pasioa jendeari transmititzeko», adierazi du.
Bi urte eman zituen galeria horretan lanean, baina egoerak hala behartuta, beti eduki behar izan du beste lanen bat, alaba aurrera ateratzeko. «Orain, alaba heldua denez, aurten online ikasteko aukera izan dut arteterapia espezialitatea, eta udaltzain izateko oposizioak ere gainditu ditut», azaldu du Kastxenak.
Euskal Herrian daraman denboran, euskara ikasteko denbora ere hartu du, eta egin berri du B2 azterketako ahozko proba. Hizkuntzarekin lehen harremana bere senar ohiak Ukrainara eraman zizkion haurrentzako kantuen kasete bati esker izan zuen. «Sorgina pirulina, eta Takolo, Pirritx eta Porrotxen abestiak ekarri zizkidan. Nik harrikoa egiten nuen bitartean entzuten nituen, eta buruz ikasi nituen. Jakin nahi izan nuen zer esanahi zuten, eta ikertzen hasi nintzen. Horrela, euskara pixka bat ikasi nuen», azaldu du Kastxenak. Gerora, Azkoitian ikastaro bat egin zuen, eta horrela hasi zen modu serioagoan euskara ikasten. Hortik aurrera, euskaltegietan aritu izan da.
Buru osasuna, arterako inspirazio
Ukrainan, gurasoekin eta bere ahizpa zaharrarekin bizi zen Kastxena. 2000. urtea «oso tragikoa» izan zen berarentzat: «13 urte nituenean, nire aita hil egin zen, eta baita amona ere. Amona zen familiatik gehien maite nuen pertsona, kariño handia nion. Nire bi osaba ere urte berean hil ziren, eta kolpe horien ostean, dolua gainditzen saiatu nintzen, margotzen». Agian, pinturarekiko zaletasuna bertatik etor dakiokeela uste du ukrainarrak: «Pertsona bat galtzen baduzu eta bera margotzen baduzu, hortxe izango duzu beti».
Lehenengo koadroa 16-17 urterekin egin zuen, enkarguz, eta «gainditze pertsonal» modura hartu zuen erronka: «Albaitaria zen Ukrainako bizilagun batek bere semearen erretratua egiteko eskatu zidan. Ardura handia iruditu zitzaidan, kezka sortzen baitzidan erretratuak semearen antza izateak. Gainera, hortik aurrera, garrantzia ematen hasi nintzen, ez soilik antza izateari, baizik eta begiradaren atzean zer dagoen islatzeari; bere izaera, zertan pentsatzen duen… esentzia transmititzeari, finean».
Ordutik, bere lanek «asko eboluzionatu» dutela uste du Kastxenak. Erretratuak egitea asko gustatzen zitzaion, baina, gero, familian buru osasuneko arazoak zituzten pertsonei nola lagundu ziezaiekeen ikertzen hasi zen, eta baita arazorik ez duenari gauzak adierazten nola lagundu ere: «Margotzen duzunean, zeure arazo guztiez ahazten zara, eta soilik pentsatzen duzu zein kolore nahastu behar dituzun. Garrantzi handia ematen diot osasun mentala zaintzeari, eta artea horretarako tresna izan daiteke. Izan ere, munduan gauza txarrak gertatzen direnean, nahiko modu orokorrean ikusten ditugu, eta etxean salbu bazaude, pozik sentitzen zara. Ordea, gauza txarrak etxean gertatzen direnean, ez daukazu nora joan, eta artea babesleku izan daiteke egoera horietan».
«Margotzen duzunean, zure arazo guztiez ahazten zara, eta soilik pentsatzen duzu zein kolore nahastu behar dituzun»
Arteterapia, gizarte lanerako tresna
Arteterapiako titulua atera ostean, apirilean Euskadi-Ukraina elkartearekin egindako lankidetza batean jarri zuen praktikan lehenengo aldiz, Ukrainatik etorritako errefuxiatuekin. «Uste dut oso ideia ona izan zela, oso desberdina izan baitzen nola sartu ziren eta nola atera ziren ikastarotik. Salto kuantiko bat izan zen, egia esan», nabarmendu du. Gainera, uste baino jende gehiagok hartu zuen parte, ustekabean: «Pentsatzen nuen, asko jota, hamar pertsona etorriko zirela, baina konturatu ginen ez genuela izen ematea itxi, eta 30 lagun inguru apuntatu ziren. Estreinaldia indartsua izan zen, beraz. 5 urteko haurretatik hasi, eta 70 urteko ukrainarrak ere bazeuden, eta, egia esan, denak ziren bat momentu hartan, denak emozioak pinturaren bidez islatzen ari zirelako».
Arteterapian, batez ere subkontzientearekin egiten da lan, eta ez du axola margotzen dena polita edo itsusia den, kontua bakoitzak subkontzientean duena edo gertatzen ari zaiona kanpora ateratzea baita helburua. «Ikastaro hartan, musika klasikoa jarri nien. Sinfonia batzuk dramatikoagoak ziren, eta musika horrekin, beraien emozio gogorrak margotzen zituzten, bonbak eta horrelakoak», azaldu du. Bereziki hunkitu zuen emakume baten koadroak: «Itsasoa eta itsasontzi bat hondoratzen margotu zituen. Galdetu nion ea kontatu zezakeen zer zen, eta esan zuen koadroa bere bizitza zela. Mariupolekoa zen emakumea, eta sekulako hotzikara eman zidan», kontatu du.
Jarraian, musika alaiagoa jarri zien, eta ukrainarrek zaldien gurdiak mugimenduan margotu zituzten, «gauzak bideratzen ariko balira bezala». «Horrek adierazten zuen dagoeneko ez zeudela itsasontzian hondoratzen, baizik eta gurdian bizitza hobeago baterantz zihoazela; hona, adibidez», nabarmendu du Kastxenak.
Hirugarren musika askoz alaiagoa zen, eta ikasleek urmaelak beltxargekin eta zelaiak tximeletekin margotu zituzten. «Une horretan, jendea zoriontsu zegoen, eta, hori dena, hiru ordutan», zehaztu du.
Izan ere, ugariak dira arteterapiaren onurak, Kastxenaren hitzetan: «Antsietatea murrizten laguntzen du, eta baita depresioa eta estresa ere. Gainera, lagungarria izan daiteke mendekotasunen bat duten pertsonei irtenbide bat aurkitzeko, nerabezaroan galduta dauden gazteei munduan beraien lekua zein den aurkitzen laguntzeko, genero indarkeriaren biktimei laguntzeko, edo orokorrean, egoera zail batetik pasatzen ari diren pertsonentzat».
Ukraina gertutik bizi du
Kastxena pozik bizi da Donostian, eta ziurtatu du ez dela sekula hondartzatik 150 metro urrunago joaten. «Jendea oso alaia da hemen, eta gauzak ospatzeko edozein arrazoi aurkitzen du; beti dago festaren bat. Surfa egitea ere gogoko dut, zoriontasun iturri gehigarri bat da niretzat, eta tenisa gehiago praktikatu nahiko nuke. Finean, bizitzaz gozatzea gustatzen zait», nabarmendu du.
Hala ere, Ukrainakoa izanik, oso gertutik bizi du hango egoera. «Gerra hasi aurretik, jende guztiak esaten zuen ez zela benetakoa izango, eta begira. Gerra hasi zenean, antsietate handia nuen, eta nire familiari hona etortzeko eskatu nion. Ez zuten nahi; egia esan, beraien etxean eta lurrean bizi nahi dute, baina lortu nuen nire ahizpa bere seme-alabekin etortzea. Ordea, hilabete eta erdi beranduago, Ukrainara itzuli zen, eta nik gauero negar egiten nuen hemen. Ahizpak esaten du hau oso polita dela, eta oporretan oso gustura etorriko zatekeela, baina ez dela bere etxea. Bere etxea Ukrainan dagoela esaten du, eta horregatik itzuli zen», esan du, nostalgia apur batekin.
Familia Ukrainan duenez, entzuten dituen albisteekin inoiz ezin duela «guztiz lasai» egon aitortu du Kastxenak. «Zorionez, nire familia bizirik dago, ondo daude. Nire koinata punturik beroenetan izan da, Bajmuten egon da, eta balak gainetik pasatu zaizkio. Hala ere, biziraun egin du, eta orain leku lasaiago batean dago. Ondo dago, baina gu kezkatuta egoten gara beragatik. Eta nire ahizpa bizi den hirian, zuzenean ez da ezer pasatu, baina egun batean, bere alabarekin zegoen etxeko lorategian, eta misil bat pasatu zitzaien gainetik. Misila ondoko hirira zihoan, baina berak une horretan bere alaba babestea pentsatu zuen, eta bere gainean etzan zen. Oso gogorra izan zen», azaldu du.
Kastxenak dio Ukrainan lagundu ezin duenez, hemen saiatzen dela Ukrainako jendeari laguntzen. «Etortzen direnei ahal dudanean laguntzen saiatzen naiz: informazioa emanez, lana aurkitzen lagunduz, dokumentazioa lortzeko izapideak nola egin azalduz, itzultzaile lanak eginez…», adierazi du. Hala ere, uste du hasieran jendea ukrainarren alde asko mobilizatu bazen ere, orain gaia pixka bat ahaztuta dagoela: «Nire iritziz, hasieran mugimendu handia egon zen, baina badirudi jendea orain ohitu egin dela, eta dagoeneko ez du laguntzeko hainbeste gogo jartzen. Instituzioetan ere, hasieran, edozer emateko prest zeuden Ukrainako errefuxiatuen alde. Orain, ordea, bizileku baimena ematen diete, eta beraiek bakarrik jarraitu behar izaten dute aurrera, hizkuntza jakin gabe. Beraz, oraingo errefuxiatuei ere lehenengo iritsi ziren errefuxiatuei bezala laguntzeko eskatuko nieke instituzioei».
Itzultzeko beldurra eta nahia
Euskal Herrian bizi denetik, behin soilik itzuli da Kastxena Ukrainara. «Duela hamar urte, Gabonetan oparitu zizkidaten hegazkineko txartelak, eta han ospatu nituen festak, hango tradizio guztiekin. Ukraina oso leku lasaia zen orduan, eta oso ondo pasatu nuen. Itzuli behar nintzenean, lurrak hanketatik helduko banindu bezala sentitu nuen», nabarmendu du. Gaur egun, egoera den modukoa izanik, itzultzeko beldur dela azaldu du: «Egia esan, nire lagunak ari dira Ukrainara oporretan joaten, baina nik ez dut zoria tentatu nahi, bizirik jarraitu nahi dudalako».
Ordea, gerra amaitzen denean, jende asko eraman nahi du berarekin Ukrainara, bere lurra erakusteko eta toki asko bisitatzeko. Badaki zapalduko duen lehen helmuga zein izango den, baita ere: «Badago leku bat, Santa Klara uhartea bezalakoa dena: Ostriv Zmini (Sugeen Uhartea). Leku hori bisitatu nahi dut, han izan zelako gerrako lehen erasoa. Kondaira moduko bat du leku horrek, izan ere, bi soldadu zeuden uhartea zaintzen, eta bat-batean, itsasontzi bat gerturatu zitzaien, eta megafonotik esan zien gerrako itsasontzi errusiar bat zela, eta amore emateko, bestela tiro egingo zietela. Eta soldaduak erantzun zion: ‘Gerrako itsasontzi errusiarra, joan zaitez popatik hartzera!’. Nolako ausardia behar den horretarako», nabarmendu du Kastxenak.
Ukrainarrek uste zuten soldadu horiek hil egin zituztela, eta «heriotza heroikoa» izan zela beraiena. «Baina duela urtebete inguru, kartzelatik erreskatatu zituzten. Dominak eman zizkieten, eta kontatzeko bizi dira. Hori mugarri bat izan zen, denek pentsatzen zutelako eraso egingo zigutela eta denok erail, baina hori sekulako balentria izan zen, eta erabaki zuten aurre egin behar zitzaiela», adierazi du.
Ostriv Zmini uharteko soldaduek egin zutena «bizitzarako lema» bat dela uste du Kastxenak, eta hain zuzen ere, soldadu horren argazkia daraman poltsa bat ekarri diote lagunek Ukrainatik, gerrako itsasontzia haizea hartzera bidaltzen ari dela. «Bizitzarekiko jarrera bat da ez beldurtzea, eta aurre egitea», defendatu du.
Itzuliko da bere herrira, baina, momentuz, Euskal Herrian arteterapia saioak emateko asmoa du, eta horrela, nolabait, jendeari laguntzekoa: «Lokal bat behar dut lanerako, baina prest nago behar duten elkarteetan edo taldeetan ere horrelako jarduerak egin nahi dituztenekin lan egiteko».