Donostiako Udaleko txistulari taldeak kontzertua eskainiko du hilaren 31n, Plaza Berrian
Donostiako Udaleko txistulari taldeak kontzertua eskainiko du hilaren 31n, San Ignazio egunean, eta Amaikak-bat elkarteko danborrada eta Zubitxo dantza taldea ariko dira eurekin batera. Kontzertua Plaza Berrian egingo da 12:15etik aurrera, eta 13:00ak inguru gehituko zaizkie danborrada eta dantzariak txistulariei.
Gipuzkoan barrena, bidaia musikal bat eginez osatuko dute txistulariek kontzertua. Seguratik Segurako goiza kalejirarekin abiatuta, Bedaio, Eibar edota Irun bisitatuko dituzte, bertako doinu esanguratsuak eskainiz, eta Donostia azken geltokia izango da. Kalejira, pasodoblea edo fandangoa eta arin-arinak joko dituzte, besteak beste.
Behin doinuak Donostiara iritsita, Donostiako antzinako ereserkia joko dute lehenengo, danborradak eta dantzariek girotuta. Jarraian, guztiek elkarrekin, Gipuzkoako ereserkia, Idiarena eta San Ignazio Martxa eskainiko dituzte. Kontzertua amaitzean, txistulari taldearen kontzertu denboraldia ere amaituko da, eta irailaren 29an itzuliko dira 2024-2025 denboraldiari hasiera emateko.