Erreginaren zubi berria ospatu zutenekoa
1905eko urtarrilaren 20an inauguratu zuten Maria Kristina zubia. Hiriko zubirik esanguratsuenetariko bat da, dituen obelisko eta eskulturengatik. Behin-behinean egurrezkoa ere izan zen arren, hormigoizkoa eraiki zuten, orduan material berritzailea izan zena.

Jendez lepo, inguruko balkoiak apaindu zituzten egun handirako. Kanpai hotsek erlijio agintarien iritsiera iragarri zuten, eta Donostiako Orfeoiak eta 110 haurrek osatutako Udal Musika Akademiak, Santestebanek okasiorako espresuki konposatutako ereserki bat abestu zuten. Hala inauguratu zuten Maria Kristina zubia; jendez eta musikaz inguratuta.
Istiluen ondoren, bakea
Hiru urte zeramatzan orduan Donostiak, jai herrikoirik gabe. Udalak sokamuturra debekatu zuen, «herri txikiei» zegokielako hori, eta gazteen arteko istiluak baino ez zituen piztu horrek. Kale argiak, erakusleihoak eta egunkarietako erredakzioak harrikatu zituzten, besteak beste.
1905eko urtarrilaren 20ko 18:30ean bildu ziren auzotar guztiak Norteko geltokiaren ondoan, su artifizialak eta zezensuzkoa ikustera. Jai giroa zegoen, gogoa, baina polizia neurri gehiago egon ziren azkeneko liskarretatik, eta horrek auzokideen protesta eragin zuen.
Zura eta hormigoia
1893an egurrezko pasabide bat eraiki zuten, Erdialdea, Norteko geltokia, zezen plaza eta Atotxako futbol zelaia elkartzen zituena. Behin-behinekoa zen pasabide hori, 1905era arte ez baitzen inauguratu benetako zubia.
Azken urte hartako urtarrilaren 19an, inaugurazio bezperan, zirkulazioa eten zuten, egurrezko pasabidea eraisteko asmoz; hala, urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, inauguratu zuten zubia, behin betiko.
Aurrezki Kutxak ordaindu zituen eraikitze lanak, interesik gabeko ehun urteko kredituei esker, eta Marcelo Sarasola udal ingeniaria eta Jose Goikoa udal arkitektoa izan ziren egileak.
Hormigoiz dago eginda zubia (berrikuntza handi bat garai hartan) eta hiru zubibegi ditu, 24 metrokoa bakoitza. Hogei metroko zabalera eta 88ko luzera dauzka pasabideak.
Ezaugarri bereziz osatutako zubia da, oraindik ere, Maria Kristinakoa: garai hartan, mutur bakoitzean ezarritako obelisko monumentalek deitzen zuten arreta, bakoitzak hemezortzi metroko altuera baitzeukan, baita gainean kokatutako eskulturek ere.